Londresko konferentzia irabazi behar du Realak
Txuri-urdinek Crystal Palace taldearen aurka jokatuko dute Europa ligako bosgarren jardunaldian (21:00).
Jon Gorrotxategi Lyonen aurkako partidan, Anoetan.Reala Ingalaterrako liga gorenean, azken postuan daude. Aldiz, iazko Konferentzia liga irabazi zuten, eta horregatik ari dira Europako bigarren txapelketa jokatzen. Beraz, txanponaren bi aldeak bizitzen ari da Londresko Crystal Palace taldea, Realaren gaur gaueko arerioa. Europa ligako bosgarren jardunaldian neurtuko dituzte indarrak Selhurst Park futbol zelaian, 21:00etan.
Txuri-urdinek bai ala bai irabazi behar dute ligaxkako fasea zortzi onenen artean bukatzeko. Izan ere, lau neurketa falta zaizkio Realari, gaurkoarekin —Torreense eta Viktoria Plzen Anoetan, eta Juventus Turinen dira beste hiruak—. Ez dira aurkari errazak izango, eta Crystal Palace zailenetakoa izan daiteke. Entrenatzailea aldatu berritan, Thomas Frank danimarkarra hartu du ingelesen ardura, eta ligan pentsatu gabe irabaztera aterako direla iragarri du. Gainera, jokalari garrantzitsuak dituzte, hala nola Mateta, Kamada eta Pino.
Hortaz, txuri-urdinek sasoi honetan erakutsitako mailarik onena zelairatu beharko dute. Eta, batez ere, bi areatan asmatzea ezinbestekoa izango da. Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak neurketa hasi baino ordubete lehenago argituko du hamaikakoa. Ligako azken partidaren aldean, aldaketa batzuk espero dira. Okerrik ezean, Marrero izango da atean —Europa ligako atezaina da—. Defentsan, berriz, eskuin hegaleko hutsunea bete beharko du entrenatzaileak. Aramburuk min hartu ostean, eta Fortek ligan jokatuta, baliteke Zubeldia aritzea leku horretan. Erdian, Soler, Sucic eta Turrientes espero dira, eta erasorako Oiartzabalek Guedes eta Kubo izan ditzake alboetan. Bestalde, Dani Diaz deialdian sartu zuen Matarazzok, eta akaso minuturen bat izan dezake.


