Matxismoaren eta faxismoaren aurkako borroka «lehentasunezko auzia» dela ohartarazi du Itaiak
Dozenaka lagunek parte hartu dute Itaiak Parte Zaharrean barrena egin duen manifestazioan.Maitane Aldanondo Donostiako Itaiak manifestazioa egin du Parte Zaharreko kaleetan barrena, Indarkeria Matxistaren Aurkako egunean. 18:00etan abiatzekoa zen mobilizazioa Bulebarreko kiosko ingurutik, baina orduan ari zuen euri jasak eta haize indartsuak atzeratu egin dute hamar bat minutuz manifestazioaren hasiera. Indarkeria Matxistaren aurka borrokatu zioen pankarta askatu eta haren atzean jartzen joan dira, ordura arte arkupeetan babesa hartu duten dozenaka lagunak. Ibilbideak ordu laurden inguru iraun du, eta euria apenas egin du.
Narrikatik sartu dira eta bidean, Emakume langileak borrokara batu gisako aldarriak oihukatu dituzte —baita hormetan idatzi ere— Abuztuaren 31 kaleraino joan dira, handik barrena egina hartu dute Kale Nagusirantz. Santa Teresa atarian beste pankarta bat eutsi dute bi kidek, batek bengala gorri bat eskuetan zuela. Enbeltranetik pasatu, eta Parte Zaharra atzean utzita, Gipuzkoa plazaraino joan dira Getaria kaletik.
Alduandiaren arkupeetan kokatu dira manifestazioaren buruan joan den pankarta zeramaten kideak eta han irakurri dute gaurko egunerako prestatutako irakurketa. Matxismoaren aurkako borroka indartzearen garrantzia nabarmendu dute, bere aurpegi desberdinen datuak eman ondoren: erasoak, irudiak zabaltzea, kamerak jartzea emakumeak grabatzeko, adin txikikoen kontrako erasoak, erailketak…
Horren aurrean, matxismoarekin amaituko duen “bideorria” garatzeak lehentasuna izan beharko lukeela adierazi dute, baina erakundeak “ez dira gai” eta alderdi politikoentzat “ez da lehentasuna”. Adibide garbitzat jarri dute Espainiako gobernu “aurrerakoia“, emakume langileen bizi baldintzak “okertu”, horien problematika “lantzeari utzi” eta kaleko mobilizazioak “apaldu” baititu; eta horrek, ondorioz, emakume langileen borroka “bigarren planora eramatea” eta haien emantzipaziora bidean “aurrerapausorik ez ematea” ekarri du.
Halaber, faxismoa elikatu dute gobernuaren “bete gabeko promesek eta hipokresiak” eta ohartarazi dute faxismoa emakume langileen aurkako proiektua dela ere. Izan ere, egiturazko zapalkuntza ukatzeaz gain, horretan sakontzeko neurriak proposatzen ditu. Horregatik, kalean matxismoaren eta faxismoaren hedatzeari aurre egitea “lehentasunezko auzia” dela berretsi dute; erasotzaileen inpunitatea normalizatu ez dadin, eraso guztiei erantzunez eta langile klasea agente aktibo bilakatuz.


