Zinecittà Italiako zinema jaialdia Donostian egingo da lehen aldiz, azaroaren 27tik 29ra
Italiako zinemaren lau film eskainiko ditu jaialdiak, tartean ‘Franco Battiato: Il lungo viaggio’ filmaren Euskal Herriko eta penintsulako estreinaldia.
Franco Battiatioren inguruko filma bertan estreinatuko da. Zinecittà Italiako zinema jaialdia Donostiara iritsiko da lehen aldiz, azaroaren 27tik 29ra bitartean. 2016an Bilbon sortutako jaialdiak Tabakaleran izango du egoitza nagusia, eta proiekzio bat Euskal Itsas Museoan egingo du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Italia Maitea elkarteak sustatu dute Donostiako lehen edizioa, Italia Txikiren, Tabakaleraren, Euskadiko Filmategiaren eta Euskal Itsas Museoaren laguntzarekin.
Goizane Alvarez Kultura diputatuak adierazi duenez, jaialdia Donostiara iristeak Italiako kulturaren eta Gipuzkoako publikoaren arteko harremana sendotuko du, zinemaren bidez “begirada eta sentsibilitate berrietara irekitako topagune bat” sortuz.
Jaialdiak Italiako zinemaren hainbat garai eta adierazpide bilduko ditu, memoria, musika eta identitatea ardatz hartuta. Film klasikoak eta garaikideak uztartuko ditu, Italiako kulturara hurbiltzeko eta gaur egungo gaiak zinemaren bidez aztertzeko.
Lau film, hiru egunetan
Jaialdia azaroaren 27an, ostiralean, inauguratuko dute Tabakaleran, 19:00etan, Vittorio De Sicaren La ciociara (1960) filmarekin. Euskadiko Filmotekarekin elkarlanean antolatutako saioan, filma jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin emango dute. Bigarren Mundu Gerran Italian kokatutako istorioak Cesira eta haren alaba Rosettaren ihesaldia kontatzen du.
Azaroaren 28an, larunbatean, 11:00etan, Il ritorno di Maciste (Maurizio Sciarra, 2023) dokumentalaren txanda izango da Euskal Itsas Museoan. Dokumentalak Italiako zinemaren lehen superheroiaren, Bartolomeo Paganoren, historia berreskuratzen du, artxiboen eta film mutuen bidez.
Egun berean, 19:00etan, Tabakaleran Gloria! (Margherita Vicario, 2024) filma proiektatuko dute. XVIII. mendeko Veneziako emakumeentzako barnetegi batean girotutako lanak Teresaren eta emakume musikari talde baten istorioa kontatzen du. Musikaren bidez, garaiko gizarte egiturei aurre egingo diete protagonistek.
Jaialdiari amaiera emateko, azaroaren 29an, igandean, 19:00etan, Franco Battiato: Il lungo viaggio (Renato De Maria, 2026) filmaren Estatu mailako estreinaldia egingo dute Tabakaleran. Film biografikoak Franco Battiato musikariaren ibilbide artistikoa eta bilaketa espirituala jasotzen ditu, Siziliatik Milanera egindako bidea eta jaioterrira itzulera ardatz hartuta.
Sarrerak
Proiekzio guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, azpitituluekin. Sarrerak Tabakaleraren (www.tabakalera.eus) eta Euskal Itsas Museoaren (www.itsasmuseoa.eus) webguneetan eskuratu ahal izango dira. Inaugurazio-saioaren sarrerak Euskadiko Filmotekaren (www.filmoteka.eus) webgunean ere egongo dira eskuragarri.


