Udaleko Euskara Zerbitzuak babestutako edukia

Arteaga harategian, euskara da lehen hitza

Donostiako Udalaren Euskaraz barra-barra egitasmoak euskararen erabilera sustatzea eta euskarazko arreta bermatzea ditu helburu, eguneroko merkataritzan eta zerbitzuetan euskarari lekua eginez. Ekimenarekin bat egin duen saltokietako bat da Añorga Txikiko Arteaga harategia, eta Haritz Arteaga arduradunaren ustez, bezeroek eskertzen dute mostradorearen beste aldean euskaraz egiteko aukera izatea.

arteaga Haritz Arteaga, Arteaga harategiko arduraduna.Aretaga harategia

Arteaga harategiak hamarkadak daramatza auzoan. Nolakoa izan da zuen ibilbidea?

Gurasoek 1976an ireki zuten harategia, eta 2021era arte egon ziren lanean. Orduan hartu nuen nik erreleboa. Gaur egun, egoera ez da erraza. Lehen ez zegoen hainbeste supermerkatu handirik, baina, orain, edonon ditugu. Denda txikiok egunero egin behar dugu borroka, aurrera egiteko eta eusteko.

Zer nolako harremana duzue auzoarekin?

Auzoan oso inplikatuta gaude, eta bertako egunerokoaren parte gara. Esaterako, aspalditik ari gara igogailu bat eskatzen. Auzoak aldapa handiak ditu, eta jende asko behealdean bizi da. Aldapa igo behar izateagatik, auzotar batzuk ez dute dendara etortzeko aukerarik izaten.

Bezeroek euskarazko arreta aintzat hartzen dutela nabaritzen duzue?

Batez ere, auzo honetan, bai. Adin tarte guztietako jendea bizi da hemen, eta gehienek euskaraz eskatzen digute. Gehien entzuten den hizkuntza ere euskara da. Mostradorearen atzean euskaldun bat egotea eta euskaraz artatzeko aukera izatea asko baloratzen dute, eta hori pozgarria da.

Zer esan nahi du Euskaraz barra-barra egitasmoaren parte izateak?

Poza ematen dit egitasmoaren parte izateak, euskara hemengoa delako eta gure egunerokoan bere lekua izan behar duelako. Garrantzitsua iruditzen zait bezeroari lehenengo hitza euskaraz egitea eta euskaraz artatzeko aukera eskaintzea. Gaur egun, jende askok «buenos días» esaten du lehenengo, eta pena da. Batzuetan, euskaraz egiten duzunean, arraro begiratzen zaituzte, «zer ari zara esaten?» pentsatuko balute bezala. Herrietan eta auzoetan euskaraz gehiago egiten da, baina hirira joatean egoera aldatu egiten da. Horregatik, horrelako ekimenak beharrezkoak dira, euskarari egunerokoan lekua egiteko eta lehen hitza euskaraz egiteko ohitura zabaltzeko.

Nola ikusten duzu etorkizuna, bai harategiarena, bai auzoko merkataritzarena?

Gazte askok etorri nahi dute auzora bizitzera. Espero dut denda txikietara erostera etortzen jarraitzea, eta euskarak ere auzoan presentzia handia izaten jarraitzea. Izan ere, gero eta jende gazte gehiago dago, eta hori euskararen erabileran ere nabaritzen da. Inguruan, etxebizitza berriak egiten ari dira, eta beste saltoki batzuk ere irekitzekotan dira. Espero dugu supermerkatu handirik ez zabaltzea, horrek denda txikion etorkizuna are gehiago zailduko bailuke.

euskaraz

HITZAkide HITZAkide