Auzoan zer ikusi, hura ikasi
Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak doako saioak antolatzen ditu, hirira iritsi berriak euskarara eta tokiko kulturara gerturatzeko. Abenduan, Egiara zabalduko dute proiektua.
David Trujillo Auzoko egitasmoko parte hartzailea eta Amets Ibero Alustiza Bagera Euskaltzaleen Elkarteko kidea.Garazi Etxaniz Idarreta Urria iritsi bezain laster ikasturte berriari ekin dio Auzoko egitasmoak, beste urte batez, Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkartearen bitartez. Hirira iritsi berri diren pertsonentzako da bereziki ekimena, zeinak helburu bikoitza duen: etorri berriei euskararekiko lehen hartu-emana modu atsegin eta doakoan eskaintzea, eta hiriko zein auzoetako dinamikak, kultura eta ohiturak ezagutaraztea. Gaur egun, astean bi aldiz biltzen dira Bageraren egoitzan, Hernani kalean: astelehenetan arratsaldez eta asteazkenetan goizez. Oinarrizko saio teorikoak eskaintzen dituzte, betiere, parte hartzaileen beharretara moldatuta.
Etorri berrien profila askotarikoa bada ere, gehiengo zabala atzerritik iritsitako pertsonak dira. Aurten, hainbat jatorritako herritarrak batu dira egitasmora, eta, horien artean, ugariak dira seme-alabak dituzten gurasoak; bereziki, emakume hegoamerikarrak. «Emakume hegoamerikar asko daude, seme-alabak D ereduan edo ikastolan dituztenak eta haurrei laguntzeko euskara ikasi nahi dutenak», zehaztu du Amets Ibero Alustiza Bagerako kideak. Hala ere, badaude Donostian jaio baina euskararekin harremanik izan ez dutenak, baita kulturarekiko interesagatik izena eman dutenak ere. Hizkuntza mailari dagokionez, denena oso antzekoa izan ohi da: zerotik hasten dira, agurretatik eta oinarrizko hitzetatik.
Euskara entzuteak piztutako jakin-mina
David Trujillo duela hiru hilabete besterik ez zen iritsi Donostiara, Kolonbiatik, haren familiarekin batera. Banatzaile gisa ari da lanean, eta ez du denbora askorik behar izan konturatzeko euskarak garrantzi handia duela hirian. «Eskariak eramaten ditudan lekuan, guztiek euskaraz hitz egiten dute. Gehienek ‘kaixo’, ‘agur’, ‘eskerrik asko’ eta halakoak esaten dizkidate, eta ni beldur naiz ez ote naizen erantzuteko gai izango», dio Trujillok.
Ilobak, eskolan hasi denetik, euskara ikasten du. Bere amak, Trujilloren koinatak, eskolan izan zuen Auzoko egitasmoaren berri, eta familiako hiru kidek parte hartzea erabaki zuten. Ordutik, lau klasetara joan dira, baita oso gustura joan ere. «Eskolak oso onak dira. Pixkanaka ikasten ari gara, baina dena oso ondo azaltzen dute, pausoz pauso», nabarmendu du. Hizkuntza «oso zaila» izanagatik ere, Trujillorentzat «oso polita da» jendea euskaraz entzutea.

Amets Ibero Alustiza eta Lide Ruiz Telleria, Bagera Euskaltzaleen Elkarteko kideak.Garazi Etxaniz Idarreta
Hizkuntzarekin lehen kontaktua izateaz gain, Auzoko egitasmoak aukera ematen die parte hartzaileei euskal kulturarengana hurbiltzeko. Adibide adierazgarria ekarri du gogora Trujillok: urriaren 31ko ospakizuna. Kolonbian, beste era batera ospatzen dute Gau Beltza, «era exotikoagoan», Trujilloren hitzetan. Hona iristean, konturatu ziren hemengo kultura oso bestelakoa zela: «Leku guztietan kulturak desberdinak dira, eta horrek ekarpena egiten dio, bai gazteriari, baita iritsi berrioi ere», azpimarratu du kolonbiarrak.
Auzoko proiektuak, bada, zubi lanak egiten ditu herritar iritsi berrien eta tokiko komunitatearen artean. Euskara ikasteaz gain, hiriko ohiturekin bat egiteko eta sareak sortzeko gune ezin hobea bihurtu da Trujillorentzat eta beste hainbatentzat.
Euskaratik abiatutako harrera
Ikasturte berria orain dela gutxi hasi bada ere, Auzoko ekimena 2010ean jarri zen martxan, Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak Bagera elkarteari eskaini zionean proiektua Donostian lurreratzea. Hasieran auzoz auzo eta auzotar boluntarioen laguntzarekin funtzionatzen zuen arren, pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, Bageraren egoitzara lekualdatu zen egitasmoa. «Lehen, jendearen parte hartze nahiko handia eskatzen zen, auzotarrak arduratzen baitziren etorri berriei auzoa ezagutarazteaz», zehaztu du Iberok. Garai hartan, auzo batzuetan, Antiguan edo Intxaurrondon kasu, oso ondo funtzionatzen zuen ekimenak, baina egoera desberdina zen tokiaren arabera.
Orain, pandemia ostean egin diren lau ikasturteak Bageraren egoitzan bertan egin dituzte, auzotar boluntarioen parte hartzerik gabe. Bagerako kide batek dinamizatzaile lanak egiten ditu, elkarteak berak bildutako materiala erabilita, eta saioak parte hartzaileen beharren arabera moldatzen dira. Auzokon ez dago ez azterketarik, ezta etxeko lanik ere: «Hasieratik argi utzi nahi izan dugu Auzoko ez dela euskaltegi bat. Euskarara lehen hurbilpena izatea nahi dugu, oinarrizko gauzak landuta», dio Iberok. Kaixo eta agur esaten ikastea, taberna batean nola eskatu, batetik hamarrerainoko zenbakiak, koloreak… Ikasturte hasieran, gauza sinpleak lantzen dituzte, eta aurrera egin ahala, parte hartzaileek zerbait zehatzagoa eskatzen badute, pauso bat harago joaten dira.
Finean, Bagerako kideen ustez, euskara etorri berriei egiten zaien harreraren parte izan behar da, eta ez ikasi beharreko beste betebehar bat. Horregatik, hizkuntzara modu naturalean eta presiorik gabe gerturatzea dute helburu, hirian lehen urratsak egiten ari direnei bidea errazteko.
Auzoko, berriz ere, auzoetara
Donostiako auzoetan hasi zen proiektua auzoetara itzultzea da gaur egun Bagera elkartearen helburuetako bat, eta bide horretan eman dute jada lehen aurrerapausoa: abenduan martxan jarriko dute ekimena Egian, kultur etxean, bertako euskara batzordearen eta auzokide baten partaidetzarekin. «Egiako euskara batzordeak behar hori ikusi du, aurrekontu bat aurkeztu dute eta, momentuz, sei saio egingo dira: astearteetan, 17:30ean», azaldu du Lide Ruiz Telleria Bagerako kideak. Kasu horretan, Egiako bizilagun batek egingo ditu dinamizatzaile lanak, eta saioak auzo konkretu horretara egokituko dituzte.
Proiektua beste auzoetara iristea dute xede Bagerakoek, baina aurrekontu eta baliabideak mugatuak dira. Intxaurrondok, esaterako, interesa agertu du etorkizunean antzeko zerbait egiteko, nahiz eta oraindik ezer zehatzik ez izan. «Oraingoz, ez dakigu egingarria den, plan zehatzik ez daukagulako eta aurrekontuaren menpe gaudelako, baina baldintzak ematen badira, egitasmoa zabalduko genuke», ohartarazi du Ruizek.
Euskara elkarteek laguntza ekonomikoak jasotzen dituzte administrazioen eskutik, baina elkarteko kideek «baliabide ekonomiko gehiago» behar dituztela adierazi dute. «Migrazio egoera aldatzen ari da, eta, ondorioz, baliabide gero eta gehiago behar dira egitasmoa aurrera ateratzeko», nabarmendu du Iberok.


