Azken geruza bat
Kaleko banku bat.Joseba Parron San Sebastian Estali zauriak pintura zuriz, utzi geruza heze, erakutsi txukun zaudela. Eta itxaron. Jarri kartela. Ikus dezatela garbi zaudela, eraberritua, biziberritua, bizitzeko prest. Baina jarri kartela.
Estali dituzu zauriak pintura zuriz eta badirudi orain azkura gutxiago ematen dutela. Jarri duzu kartela eta lasai zaude, pintura geruza lodi batek banatzen duelako mina eta mundua, mina eragin dizun mundu hori, kartelik jarriko ez bazenu orain ondo zaudela jakingo ez lukeen mundu hori.
Jarri duzu kartela eta orain oihuka esaten du hemen badagoela zerbait garbia, eta beraz, zikintzeko prest dagoela. Babestu beharrean, zaurgarriagoa egiten zaituela. Munduari ateak irekitzen dizkiola, zeharka. Minari. Zauriari.
Erraza da orain, zuri, berri, prest zaudela, zauriak estalita dituzula, berriro zulatzea azala. Berriro jarri zara munduaren aurrean eta berriro ireki dizkizu jositako zauriak. Eta zuria da orain grisagoa, zikinagoa, egiten dizu iseka munduak eta kartelak galtzen du zentzua, zurekin nahi duen guztia egiteko aukera duen mundu baten aurrean.


