Udaleko Euskara Zerbitzuak babestutako edukia

Etxebilan, lehen hitza beti euskaraz

Donostiako Udalaren Euskaraz barra-barra egitasmoak euskararen erabilera sustatzea eta euskarazko arreta bermatzen duten saltoki eta zerbitzuak ikusaraztea du helburu. Ekimenarekin bat egin du Etxebila Higiezinak establezimenduak ere. Itziar Goienetxea da bertako kideetako bat.

etxebila Itziar Goienetxea, Etxebila Higiezinak-eko arduraduna.June Agirre Ansa

1999tik ari zarete lanean Amaran. Nolakoa izan da ibilbidea?

Bi ahizpa hasi ginen, eta gaur egun ere bion artean egiten dugu lan, langilerik gabe. Hasieratik izan ditugu garai zailak. 2008ko krisia, esaterako, oso gogorra izan zen: hilabeteak eman genituen soldatarik jaso gabe. Gaur egun ere egoera ez da erraza, eraikuntza gutxi egiten delako eta bigarren eskuko etxebizitzen merkatuan mugimendu txikia dagoelako. Hala ere, lanean jarraitzen dugu.

Zer harreman mota eraiki nahi izan duzue bezeroekin?

Gertukoak eta zintzoak izaten saiatu gara beti, saltzaileekin zein erosleekin. Harro gaude inor ez dugulako baztertu, ez azalaren koloreagatik, ez hizkuntzagatik, ezta bizi mailagatik ere. Bezero guztiak berdinak dira guretzat. Bezero askok esan digute eskertzen dutela hemen entzunak sentitzea eta gure laguntza jasotzea.

Euskarak zer leku du zuen eguneroko jardunean?

Guretzat garrantzia ehuneko ehunekoa da. Euskaldunak gara, eta etxean txikitatik euskara besterik ez dugu entzun. Gure lehen hitza beti euskaraz da: «Kaixo, egun on, zer moduz?». Mundu hau oso erdalduna da, eta asko harritu egiten dira lehen hitza euskaraz egiten dugunean. Baina euskarazko lehen agurra konfiantza eta lasaitasuna emateko bide bat ere bada. Badakigu ezin dugula beti euskaraz egin, baina ahal dugun guztia egiten dugu.

Zer esan nahi du Euskaraz barra-barra egitasmoan parte hartzeak?

Gure esku ere badagoela sinesten dugu. Guk egiten dugun heinean, hurrengoek ere egingo dute; guk garrantzia ematen badiogu, besteek ere emango diote. Azken batean, bakoitzak bere eguneroko jardunean egiten duen ekarpen txikiak eragina izan dezake. Garrantzitsua da norberak pauso hori ematea eta euskarari dagokion lekua eskaintzea, besteak ere animatzeko.

Amarako auzo bizitzan ere parte hartzen duzue?

Hemen bizi ez garen arren, auzoko jaietan, Euskararen Egunean eta Amara Berriko ikastolaren ekimenetan laguntzen dugu. Publizitatea eskatzen digutenean ere euskararen aldeko mezua zabaltzen dugu. Gure apaltasunetik, auzoan egiten diren ekintzetan laguntzen saiatzen gara.

Zein mezu helaraziko zenieketen herritarrei?

Guztiak animatu nahi nituzke. Badakigu kalea zaila dagoela eta Amara oso auzo erdalduna dela, baina batek egiten badu, bik gehitzen badute, eta gero hiruk, lauzpabostek, azkenean lortuko dugu. Administrazioak, norbanakoek eta gizarteak sinesten badugu, euskaldunduko gara.

euskaraz

HITZAkide HITZAkide