Euskaldun izatea zein nekeza (ez) den
Euskal memoria historikoa eta europar balioak uztartzen dituen elkartrukean parte hartu dute Antigua-Luberriko eta Schwäbisch Gmünd hiriko (Alemania) ikasleek; astebete pasatu dute elkarrekin, eta kulturen arteko talkak ezagutu dituzte. Beraiek, ordea, euskaldun izateaz zeinen harro dauden erakutsi diete alemaniarrei.
Elkartrukean parte hartu duten Antigua-Luberri BHI-ko ikasle eta irakasle batzuk.Nagore Garmendia Ekaitz Egañak pilotako bere txapela erakutsi zion etxean hartutako ikasle alemaniarrari, eta, hura etxera itzuli aurretik, ikurrin bat oparitu zion. Keinu sinplea dirudi, baina harridura handia sortu zuen bisitariengan. Alemaniarrek egun hauetan aitortu dutenez, beraien historia dela eta, han ez dute banderarik edo antzeko sinbologiarik kalera ateratzeko ohiturarik; Donostian, aldiz, ikurrina, lauburua, eguzkilorea eta euskara eguneroko bizitzan txertatuta ikusi dituzte; euskaldun izateko harrotasuna. Talka kultural horren bueltan aritu dira lanean hilaren 15etik 21era Antigua-Luberri BHIko ikasleak eta Alemaniako Schwäbisch Gmünd hiriko Parler-Gymnasium ikastetxetik etorritako gazteak.
Memoria historikoa
Elkartruke hau Euskal memoria historikoa eraikitzen: gutxiengoen nortasuna, guztion balioak diziplinarteko proiektuaren lehen urratsa izan da. Institutuko Historiako mintegiak gidatuta, 4. DBHko eta Batxilergoko Historia eta Gizarte Zientzietako irakasgaiak uztartu dituzte helburu zehatz batekin: memoria historikoak gaur egungo euskal nortasuna nola eraikitzen duen aztertzea eta europar hiritartasunaren balio demokratikoekin lotzea. «Gure nortasuna zein den eta nondik datorren ikasi, ikertu eta hausnartu nahi izan dugu, beste batzuen nortasuna ulertzen saiatuz eta nortasun bakoitza Europako Batasunaren barruan nola ulertzen den aztertuz», azaldu du Garazi Rezola koordinatzaileak.
Ikasleek ere argi ikusi dute lanketa horren zentzua. Maddi Garagartza ikaslearen iritziz, «nortasuna lantzea garrantzitsua da nondik gatozen, gure iragana, kultura eta ohiturak ulertzeko». Bide horretan lehen pausoak baino ez dituzte eman, ordea, Egañak zehaztu duenez: «Oraindik gure nortasuna soilik landu dugu, eta ondorioztatu dugu pertsona bakoitzak bere nortasuna badu ere, berdintasunak ditugula».
Aurreiritzien ispiluan
Teoriatik praktikara jauzi egiteak, ordea, aurreiritzi asko agerian utzi ditu. Amaia Goñi koordinatzaileak ikasleak etxean hartzeak dakarren 24 orduko elkarbizitzaren garrantzia azpimarratu du; izan ere, uste okerrak ere badaude: alemaniarren batek kontatu zion beraien eskolan gomendatu zietela familietan erdaraz asko ez hitz egitea.
Kaleko errealitateak, ordea, bestelako irudia eskaini die bisitariei. Aitana Sasiainbarrena ikaslearen hitzetan, Alemanian hotzaren ondorioz etxekoagoak diren bitartean, hemen «bizitza kalean egiten da» eta errazago sortzen dira harremanak: «Gu irekiagoak gara eta azkarrago egiten ditugu lagunak; beraientzat arraroa izan da, baina gure laguntza eskertu dute».
Sofia Amigok ere bere usteak aldatu behar izan ditu astebetean: «Asko harritu nau beraiek gu oso irekiak garela esateak, euskaldunok itxiak garelako aurreiritzia baitago munduan zehar. Nire aurreiritzia ere bazen alemaniarrak itxiak zirela, eta hasieran hala zirudien arren, konfiantza hartu ahala, asko ireki ziren». Alemaniarrek gogotik eskertu dute bertakoen abegikortasuna, eta «kaixo», «eskerrik asko» eta «agur» hitzak ikasita itzuli dira etxera.
Kulturen arteko talka
Desberdintasunak desberdintasun, elkartrukearen arrakastaren giltza Luberriko ikasleen esku egon da. Ikastetxeak goizeko egitaraua antolatu zuen, baina arratsaldeak gazteen esku utzi zituen. 32 lagunentzako planak adosteak «nekea eta tentsioa» eragin zizkien arren, alemaniarrek nabarmendu zuten lehen aldia zela elkartruke batean arratsalde guztietan lagunduta sentitzen zirena: «Horren meritua gure ikasleena da», adierazi du Goñik, harro.
Garagartzak dioenez, esperientziak beraien taldea sendotu du, baina baita adin eta klase desberdinetako ikasle alemaniarrak elkarren artean ezagutzea ere: «Aste honek gure taldea indartzeko balio izan du, baina beraiei ere lagundu die elkar ezagutzen eta lagunak egiten». Hala, familiekin egindako afari batekin borobildu zuten astea.
Esperientziatik ateratako ikasgaia argi laburbildu du Sasiainbarrenak: «Garrantzitsua da nortasun desberdinak errespetatzea eta elkarrekin bizitzen jakitea, bizitzan zehar pertsona oso desberdinak aurkituko ditugulako eta elkarbizitza lortzeko ezinbestekoa delako».
Hurrengo geltokia: Alemania
Orain, bigarren txandaren zain daude. 2027ko martxoaren 7tik 13ra, Antigua-Luberriko gazteak izango dira Schwäbisch Gmünd hirira bidaiatuko dutenak. Ilusioz daude, baina baita urduri ere. Amigok zalantza du han arratsaldeetako planak antolatzeko ardura bera hartuko ote duten. Sasiainbarrenak, berriz, jakin-mina du hango ikastetxeko gainerako ikasleek nola hartuko duten Euskal Herriarekiko duten harrotasuna. Egañak, behintzat, argi du zer sartuko duen maletan: «Ikurrina. Eta harro».



