Itsasoa
Atzera begira

Itsasoari begira eraikia: Pasealeku Berria eta enbatak

2008an ezarri zuten Donostiako Udalak, Babes Zibilak eta Udaltzaingoak denboraleekin Pasealeku Berria ixteko protokoloa, urte hartan izandako denboralearen ondorioz. Hainbat enbaten ondorioak jasan ditu pasealekuak, ordea, 1919ean ireki zutenetik.

itsaso 1944an Pasealeku Berrian izandako olatu bat.Pascual Marin / Kutxateka

Donostiako Udalak Urgull inguruko lurrak bereganatzeko negoziazioak 1884an hasi zituen, azken karlistaldiaren ondoren; hala ere, hiru hamarkada geroago lortu zuen baimena, 1914an, bertan lanak egiteko. Bost urte geroago ireki zuten Pasealeku Berria, Asturiasko Printzipea Pasealekua izenarekin —nahiz eta pasealekuaren zati batzuk aurretik ireki zituzten, ofizialki, inaugurazioa 1919an izan zen—.

Espainiako erregeen erorketarekin batera, 1931an, izena aldatu zioten pasealekuari eta Errepublikaren Pasealekua deitu zioten. Ez zen aldaketa bakarra izan, 1937ko ekainean berriro aldatu zuten eta: Jose Antonio Primo de Rivera Pasealekua izatera igaro zen. Urte dezente geroago, 1979ko uztailean, aldatu eta finkatu zuten, azkenik, Pasealeku Berria izena.

itsaso1

1967an, lanak egin artean, olatu batek salto egin zuen.Paco Mari / Gure Gipuzkoa

Hasieratik, itsasoari begira

Ireki zutenetik, hainbat izan dira pasealekuan kalteak eragin dituzten denboraleak. Hain zuzen ere, ireki eta urte gutxira, berriro ere lanak egin behar izan zituzten, hainbat enbatek gogor jo zutelako pasealekua 1920ko hamarkadaren hasieran.

Ondoren, beste hainbat denboralek jo zuten hiria, 1951ko abenduaren 29an El Diario Vasco-k honela zioen: «Bart gauean izugarrizko itsasikara batek kalte handiak eragin ditu Donostian». Urte hainbat geroago, 1965ean, enbata handi bat iritsi zen hirira, urtarrilaren 18aren eta 21aren artean —bai, sansebastianak bete-betean hartu zituen—, eta hedabide berberak honakoa ziurtatu zuen: «Naturaren danborrada horren ondoren, urte hartan, Donostiako danborradak irten gabe geratu ziren».

itsaso2

1963an, Pasealeku Berria jendez gainezka, olatuek salto egin artean.Paco Mari / Gure Gipuzkoa

Hurrengo urteetan, ekaitz gehiagok kolpatu zuten hiria, beste hainbat txikizio eraginez. Hala, 2000ko hamarkadan hasi ziren lehen neurriak hartzen, denboraleak zeudenean, pasealekua itxi eta jendeak kalterik jasan ez zezan. 2008an, zehazki, Donostiako Udalak, Babes Zibilak eta Udaltzaingoak hainbat neurri ezarri zituzten halako egoeretan jarraitzeko: ordutik, abisu horia dagoenean, aparkalekua hustu eta oinezkoentzako sarbidea mugatu egiten dute; eta alerta laranja edo gorria dagoenean, erabat itxi egiten dute.

Urteak igaro ahala, beste zenbait enbata etorri ziren, baita denborale horiek eragindako Urgull mendiko luiziak ere –haietako bat 2013ko apirilean jazo zen, eta urte hartako irailaren 13ra arte egon zen itxita pasealekua, konponketa lanen ondorioz–.

 

150 metro petril eta kristalezko baranda osoa desagerrarazi zituen itsasoak 2014an

 

Hobe urrutitik ikustea

Garai hartan, jada bazegoen martxan Eusko Jaurlaritzak ezarritako legea, itxita dauden lekuetara sartu eta erreskatatua izan behar duenak 100 eta 5.000 euro arteko isuna ordaindu beharko duela zehazten duena. Horrek, baina, ez zuen jendea olatuak ikustera gerturatzea mugatu, eta udala bere lege propioa lantzen hasi zen. 

Legea iritsi artean, 2014ko enbatak kolpatu zuen Donostia. Hainbat izan ziren olatuek sortutako kalteak: Kontxako kabinak, hondartzetarako sarbideak, zubiak… eta, nola ez, baita Pasealeku Berria ere –150 metro petril eta kristalezko baranda osoa desagerrarazi zituen itsasoak–. Denboraleak 5,5 milioi eurotik gorako kalteak eragin zituen hiri osoan eta pasealekua lau hilabetez egon zen itxita.

Orduan erabaki zuen Donostiako Udalak, gizalegeari buruzko udal ordenantza baliatuz, denboraleengatik itxitako zonetara joatea zigortzea, 50 eta 200 euro bitarteko isunekin. 2018an, enbata dagoenean bertaratzen direnek haien ardurapean egingo dutela erabaki zuen udalak. Gerturatu eta ezer gertatuz gero, bakoitzak bere salbamendua ordaindu beharko du. Ordain horiek 50 euro ingurutik 5.000 euro baino gehiagora igo daitezke –salbamendua nork egiten duen arabera–; beraz, akaso, hobe urrutitik ikustea.

HITZAkide HITZAkide