Zinema
Zinema kritika

Min ematen digun familia

Filma: El mal padre 
Zuzendaria:
 
Roberto Bueso 
Urtea:
2026 
Herrialdea:
Espainia

Roberto Buesok bere pelikularik helduena eta konplexuena estreinatu berri du zinema aretotan. Llenos de gracia (2022) eta La banda (2019) filmen egileak atzean utzi du lehen film horien tonu atsegina, apurtxo bat sakonagoa den hori esploratzeko: herra eta afektuen arteko bizikidetza. Hain zuzen ere, familia barruko harremanak, aitatasunaren pisua eta erabaki pertsonalek izan ditzaketen ondorioak jarri ditu erdigunean, nahiko modu sinesgarrian.

Bada, drama, tentsio psikologikoa eta umore beltz apur bat uztartzen dituen istorioak aita baten inguruko gatazka du abiapuntu, eta gatazka horri heltzea izan du familiaren barruko botere harremanak eta konfiantzaren hauskortasuna aztertzeko bidea: hainbat urtez elkarrengandik urrun egon ondoren, Santiago Balmes idazle eta akademiko ospetsuak Gabonak elkarrekin igarotzeko asmoz bilduko ditu aspaldian abandonaturiko hiru seme-alabak.

Planteamendua ez da berria. Hortxe dugu, denboran oso urrutira joan gabe, Casa en flames (2024) zoragarriaren oihartzuna. Baina, nago, Buesoren proposamenaren gakoa ez dagoela argumentuaren berritasunean, begiradan baizik. El mal padre-k ez du protagonista epaitzen. Aita abandonatzailea da, seme-alabekiko zor emozional nabarmena duena, baina filmak ez du munstro baten erara irudikatzen. Horren ordez, gizaki kontraesankor gisa aurkezten du: intelektual distiratsua eta, aldi berean, harreman afektiboetan traketsa. Hain zuzen ere, Buesok berak azaldu du filmak familia barruko gatazkak, etsipenak eta lotura horiek konpontzeko zailtasuna jorratzea duela helburu.

Hala, pantailan berehala nagusituko den giro gaiztotu horren eraikuntza da, seguru asko, filmaren indarguneetako bat. Tentsioak gora egiten duen heinean, garrantzi berezia hartzen dute pertsonaien arteko interakzio eta isiluneek, eta baita aktore nagusien interpretazio lanek ere. Eduard Fernandez errepikaezina da horien guztien zutabe: bikain eusten dio protagonistaren anbiguotasunari, eta, haren inguruan, seme-alabek iraganaren bertsio bana dakarte –modu desberdinean erantzuten diote aitaren absentziari–, filmari ikuspegi korala emanez. Izan ere, kontua ez da soilik gertatzen dena kontatzea; pertsonaien jarrerak eta erreakzioak erabiliz, ikuslea gatazkaren barruan kokatzen saiatzen da Bueso.

Sumatuko dugu, noski, gertutasuna: oreka zail baina, aldi berean, eder horretan, isiluneen eta hitzen arteko dantzan, umorez blaituriko tragedian… Ez al da hori bizitzea?

HITZAkide HITZAkide