Memoria

Patxi Unzurrunzaga, frankismo betean euskal liburuak inprimatu zituen donostiarra

Euskal kulturak frankismoaren hamarkada ilunetan biziraun bazuen, kulturgile eta militante ausart batzuek bizirik mantendu zutelako izan zen. Horietako bat izan zen Patxi Unzurrunzaga donostiarra.

patxi Patxi Unzurrunzaga, Zarautzen, 1958an. Oier San Martin

Abenduaren 14an, 120 urte beteko dira Patxi Unzurrunzaga donostiarra jaio zenetik (1906-1984). Euskararen eta euskal kulturaren aldeko egin zuen lanagatik garrantzitsua dela eta, edozein euskaltzalek ezagutu beharreko pertsonaia historikoa da Unzurrunzaga.

Hain zuzen ere, frankismo betean, euskarazko zenbait liburu klandestinoki argitaratzen aritu zen Unzurrunzaga, euskal kulturaren sugarra piztuta mantenduz. Bizitza osoan zehar, euskararen eta euskal kulturaren aldeko lan militante nekaezina egin zuen.

Itxaropena, esperantzaren argitaletxea

Imanol Unzurrunzagak luze eta zabal jaso zuen Patxi Unzurrunzagaren historia 1999an, Bidegileak bildumako Patxi Unzurrunzaga lanean. Bertan jasota dagoenez, gaztetan hasi zen inprenta lanetan Unzurrunzaga, Donostian bertan, diputazioko inprentan.

Geroago, Zarautzera joan zen bizitzera, eta Editorial Vasca argitaletxean lanean aritu ostean, Itxaropena argitaletxea sortu zuen han, 1932an. Beste bi kiderekin batera sortu zuen Unzurrunzagak Itxaropena, baina laster, haren esku gelditu ziren inprenta eta editoriala.

Euskarazko zein gaztelaniazko hainbat liburu argitaratu zituen Itxaropenak 1930eko hamarkadako lehenengo urteetan, 1936ko uztaileko estatu kolpe faxista heldu zen arte.

Gerrak dena itzali zuen

36ko gerrak dena hankaz gora jarri zuen, eta ondoren heldu zen diktadura frankistak gogor jo zuen erregimenarekin bat egiten zuen edozeren eta edonoren aurka, baita euskal kulturaren aurka ere, noski. Horrela, euskal idazle asko erbestera joan baziren ere, Unzurrunzagak Zarautzen gelditzea erabaki zuen.

Unzurrunzagak eta haren familiak, ordea, zailtasun ugari bizi izan zituzten. Imanol Unzurrunzagak aipaturiko lanean kontatu zuenez, 1939aren bueltan izan ziren «etxean eta tailerrean abisurik gabeko bisitak, errekisak, mehatxuak, deklaratzera deiak, salaketak, liburuak eta orriak nonbait ezkutatu beharra, euskal usaineko edozein paper puska ere subertsiotzat hartzen baitzen…». Oroitzapen bat ere gogora ekarri zuen autoreak: «Gogoan eta begietan itsatsita geratu zait Sabin euskalduna-ren azaleko irudia: guardia zibilen aginduetara gillotinaz liburu koloretsuak ehunka birrintzen eta gu ikaraturik aitari erantzunik gabeko galderak egiten. 1940ko hamarkadaren lehen urteak ziren. Gero jakin ahal izan genuenez, tailerreko zuloren batetik ateratako liburu pakete ezkutuak ziren».

Hala ere, Itxaropenarekin aurrera jarraitu zuen Patxi Unzurrunzagak; izena halabeharrez aldatuta, hori bai: Imprenta Icharopena. Zarauzko Victor Pradera kalean zegoen inprimategia, eta Imanol Unzurrunzagak nabarmendu zuenez, «euskaltzaleen bilgune» izan zen: «Azkue, Orixe, Lekuona, Labaien, Erkiaga, Etxaide, Jautarkol, Nemesio Etxaniz, Laffitte, Koldo Mitxelena, Krutwig, Lino
Akesolo, Salbatore Mitxelena, Santi Onaindia, Artetxe, Placido Mugika, Anizeto Zugasti, Romualdo Galdos, Basarri… —joanen artean ezagunenak aipatzearren— eta beste hainbaten
bilgune eta atseden leku klandestino izan zen urte horietan makina bat aldiz Itxaropenako bulegoa eta tailerraren aldameneko baratzean zegoen aitona Patxiren ‘txabola’», dio autoreak.

patxi1

Patxi Unzurrunzaga eta Inazio Ezimendi ‘Basarri’ bertsolaria mahai batean, 1950eko hamarkadan.Itxaropena

Tranpak eta gezurrak, aurrera egiteko

Itxaropena irekita mantenduta ere, debekuak gainditu eta euskarazko lanak inprimatzen jarraitzeko, azkarra izan beharra zegoen, baita kontu handiz ibili beharra ere. Horrela, inprimatzeko lizentzien datak faltsutzen zituen Unzurrunzagak, euskarazko lanak inprimatu ahal izateko, Imanol Unzurrunzagak azaldu zuenez: «1940ko hamarkadan euskal argitalpenen bat prestatzekotan tranpaz eta gezurrez jokatu beharra zegoen. Hala irten ziren Itxaropena inprimategitik gauez eta klandestinoki, inprimatzeko lizentzien data faltsuaz edota datarik gabe zenbait eliz liburu: Zeruko Mana gozoa A. J. A. Ugarterena, Argi Donea Baltzola’tar Prantziskorena eta kristau ikasbiderako liburukiak…».

Zehaztapen gehiago ere eman zituen autoreak: «Gero etorriko ziren litografia, fotokonposizioa, ordenagailuak… 1940aren inguruetan ezin ziren, beraz, aurrez inprimatutakoen moldeak —are gutxiago argazkiak— gorde eta hurrengoan erabili, kaxak etengabe berriro hornitu beharra zegoelako. Argitalpen «pirata» berria kaxistek berdin-berdin egin nahi izan arren, bibliofilo azkarrak harrapatuko du han-hemen edizio bereko eta urte bereko agertzen diren liburuotan desberdintasunik».

1947an ireki zuen zirrikitua

Klandestinoki euskal liburuak inprimatzeaz gain, mugarri garrantzitsua ezarri zuen Unzurrunzagak, 1947ko irailean, euskal argitalpenei zirrikitu legala ireki baitzien, Espainiako Prentsa eta Propaganda zuzendari orokorrarekin zuzenean bilduta. Hala kontatu zuen Imanol Unzurrunzagak: «Zarautzen uda igarotzen ari zen Pedro Rocamora jauna, Espainiako Prentsa eta Propaganda zuzendari orokorra. Patxi Unzurrunzagak pentsatu zuen hemengo morroiek baino ankerrago inola ere ezingo zuela jokatu eta beragana jo zuen zuzenki, behingoz bitarteko probintzianorik gabe, poema erlijioso eta folkloriko batzuen argitalpen lizentzia eske. Joxe Artetxe eta biak joan ziren. Eta hara non, Rocamora jaunak entzun, ulertu, onartu eta, aspaldiko partez, euskal argitalpenei zirrikitua zabaltzen dien, gutxien espero zen une latz hartan».

Horrela, zirrikitu hori baliatzen eta gero eta gehiago zabaltzen aritu zen hamarkada luzez, nagusiki, Kuliska Sorta argitaratuz. 1973ra arte argitaratu zituen Unzurrunzagak sorta horretako lanak; guztira, 76 argitalpen izan ziren. Tartean, nazioarteko zenbait idazle entzutetsuren lanen euskal itzulpenak argitaratu zituen Itxaropenak sorta horretan: Camilo Jose Celaren Pascual Duarte eta Ernest Hemingwayren The man and the sea, besteak beste.

Unzurrunzagaren legatua

Zirrikitua irekita ere, zailtasunak etengabeak izan ziren, hainbat bahitu egin baitzizkion erregimenak Itxaropenari, arrazoi batzuengatik edo beste batzuengatik. Hala ere, tinko jarraitu zuen lanean Unzurrunzagak, baita nazioarteko editoreen kongresuetara Euskal Herriaren izenean joaten ere.

1984ko apirilaren 14an zendu zen Unzurrunzaga, Donostian. 77 urte zituen eta legatu garrantzitsua utzi zion euskal kulturari. Imanol Unzurrunzagak ondo laburbildu zuen: «Ez zen idazlea, ez plazagizon, ez zuen gogoko protagonismoa, baina Patxi Unzurrunzagari aitortu behar zaio eta eskertu gerra ondoko etenaldian euskal kultura idatziaren testigutzari eutsi izana».

HITZAkide HITZAkide