Greba egun luzea, euritsua eta bizia izan da, baina feministek hiri osotik zabaldu dituzte euren aldarrikapenak egun osoan zehar, eta manifestazio jendetsu batekin bukatu dute azaroaren 30 honetako greba feminista orokorra.
Eguerdiko manifestazio bateratuaren amaieran egin dute ekintza. Hainbat auzotako zutabeak udaletxean elkartu dira 12:30ak aldera, eta Andia kalerantz abiatu dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitzarantz. Handik, Erdialdeko kaleak zeharkatu ostean, Gipuzkoa plazara heldu dira, eta hainbat grebalari aldundiko ateetan kateatu dira.
Goiz-goizetik egin dituzte piketeak Donostiako hainbat auzotan. Momentuz, ez da aparteko arazorik izan, mobilizazio lasaiak izan direlako. Hala ere, bi pertsona identifikatu dituzte Amaran.
Zaintzarekin lotutako sektore guztien moduan, oso sektore feminizatua da erizaintza, eta horrek eragin nabarmena dauka erizainen egunerokoan, Donostia Ospitaleko Belinda Linares (Lesaka, Nafarroa, 1977) eta Miren Gonzalez (Loiolako Erribera, 1981) erizainek azaldu dutenez.