Emozioak borborka izan dituzte donostiarrek arratsalde osoan zehar, eta ez da gutxiagorako, Korrikak egin baititu bere oinkadak hirian. Martutenetik sartuta, auzo ia guztiak zeharkatu ditu, eta Pasai Antxorantz atera da, bihar Baionan bukatzeko.
Martutenetik sartu berri, bertako auzo elkartea izan da lehena lekukoa eramaten; Xoel izeneko 10 urteko mutikoak izan du lekukoa eramateko ardura.
Bederatzi urte pasatu dira Larratxoko Jai Batzordeak Korrikako lekukoa hartu zuen azkeneko alditik. Aurten, ordea, euskararen alde egiteko baliabideak dituztela azaldu du Naiara Crujeiras batzordeko kideak.
Dbus enpresako langileak 22:00ak aldera batuko dira Korrikara martxoaren 23an, Kotxerasko lantoki alboan. 2005eko 14. Korrikan parte hartu zuten lehen aldiz, eta aurtengoa hamargarren aldia izango da beraientzat.
Uztailean izaten den arren, edozein egun baliatzen dute Euskarabenturako kideek elkartu eta eguna elkarrekin pasatzeko. Korrika Donostiatik igarotzen den eguna baliatuko dute «topaketa» horietako bat egiteko eta Korrikaren lekukoa hartzeko; Antiguan hartuko dute.