Ekaineko Txoroskopoa
Antiguako San Joan sua, artxiboko irudi batean.Ane Larequi
Aquarius:
Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Ez da erraza izango, Aquarius, badakit. Batzuetan ezin da dena kontrolpean izan. Zuk egin duzu zegokizuna eta itxarotea besterik ez duzu. Hartu hilabetea arnas ariketak egiteko eta urduritasuna erregulatzen ikasteko. #hatuanaza
Zure kanta: Zain, Keike.
Piscis:
Otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Bizitza aldaketa bat proposatu nizun duela hilabete batzuk, Piscis, eta eman dituzu lehen pausoak. Pozten nau Pirinioetara eskapadak egiten hasi izanak, iboietan oinak bustitzeak. Ez ahaztu lehortzeaz, baina, ez zaitez hoztu. #piritaranoa
Zure kanta: Mendigoxaliarena, Eñaut Elorrieta.
Zapaburius:
Otsailaren 29tik 31ra.
Sanjoanak hemen dira! Suaren magia eta hernaniarrak, zure gustukoenak. Aspaldi sorginkeriatan ibili gabe, baduzu gogoa eta kemena. Aurtengo San Joan suaren itzaletan topatuko duzu hainbestetan galdetu duzun horren erantzuna. Entzun suari. #mantenloprendido
Zure kanta: Sua, sua, Exkixu.
Aries:
Martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Leku berri batean zaude, emozionalki ez ezik, baita fisikoki ere. Etxe berriko landareen aldaxkak ari zara urez betetako poteetan sartu eta sartu. Ezin diozu sustraiak nola hazten diren begiratzeari utzi, landare originala ahanzturaren lorategian galtzen duzun bitartean. Ahanzturan ez ezik, baita fisikoki ere. #ureztatulandareak
Zure kanta: Malkoak euri balira, Xabier Lete.
Taurus:
Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
GRAL garaia da. Giroa lainotuta dago, baina ez da posible zure burua ere lainopean egotea. Ideia onak bidean daude, zaparrada moduan, baina gogoratu: festari ihes egin beharko diozu. Bestela, udako eguzki printzak ez dira zuretzat izango. #izerdigaraia
Zure kanta: Animal Crossing, Chill Mafia Records.
Gemini:
Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Zenbat kilometro egin beharko dituzu hilabete honetan lana dela eta? Euskal Herritik kanpora bidaliko zaituzte eta badakizu nora, bilera bideo dei bidez egitea «erabat ezinezkoa» den toki horretara. Eskerrak ostiralak existitzen diren, adi ekaineko ostiralei. #hartuarnasa
Zure kanta: Sinisten dut, Xabier Lete.
Cancer:
Ekainaren 22tik uztailaren 22ra.
Azken txanpa hau baino ez zaizu gelditzen uda osoan haurrak ikusi behar ez izateko. Hasi duzu atzera kontaketa. Hasi pentsatzen hainbeste egun librerekin zer egingo duzun, uda pasatuko zaizu bestela. #aspertuartekodenbora
Zure kanta: Oporrak, Gora Musika!
Leo:
Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Zure lekua guztiz ezin topatu ibili zara denboraldi batez, Leo. Are, bizilekuz aldatu izan duzu zenbaitetan leku horren bila. Ez zara lekuetan sustraitzen den pertsona, baina pertsonetan errotzeko denbora bat eskaini behar diozu harremanak eraiki, mantendu eta garatzeari. #loratzebidean
Zure kanta: Babesleku, Ezezez.
Virgo:
Abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Damutu egin zara bizitzari emandako biraz, uste baino lehenago itzuli zara etxera. Mendia, itsasoa eta lehen baztertutako guztiarekin egin duzu topo. Ongi etorri etxera, Virgo, batzuetan urrutitik gauzak argiago ikusten dira. Hemen gauetan izarrak ikusten dira. #dirdir
Zure kanta: Baserritik kalera, Kaxiano.
Libra:
Irailaren 23tik urriaren 22ra.
Hau irakurtzen duzunerako, Libra, alabak pasatuta izango du selektibitatea. Azken asteetan eta matrikulatu artekoetan ekidinezinak izango dira urduritasuna, ezinegona, haserrea, frustrazioa, gaizki-ulertuak… Baina alabarenak, Libra. Alabarenak dira horiek guztiak. #askatulokarria
Zure kanta: Urduritasuna, Koloreka eta J Martina.
Escorpius:
Urriaren 23tik azaroaren 21era.
Topatu duzu norbait, berehala ilusionatu zara, ingurukoei esan diezu aurkitu duzula zure bizitzako pertsona, zeure buruak asmatutako mini drama bat izan duzue, zuk zeuk sortutako oztopoa gainditu duzue eta orain esango didazu, hilabete igaro ondoren ez duzula ezer sentitzen, pasatu egin zaizula. Zoaz terapiara. #gestalt
Zure kanta: Eroa, Zea Mays.
Sagitarius:
Azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Iepa, zer moduz? Hor zaude? Bai? Mezuak erantzuteko moduan? Noiztik ez diezu lagunei erantzun, Sagitarius? Egia da urteen poderioz denak ohitu direla zure telefonoarekiko harremanera, baina zure lagunek oporretako plana egin nahi duzun jakin behar dute. #baialaez
Zure kanta: Bai ala Ez, Urtz.
Capricornius:
Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Harremanak hartu eta emanekoak dira, Capricornius. Hilabete honetan ematea dagokizu zuri eta hartzea ondokoari. Pazientzia biltzen hastea gomendatzen dizut, aldaketak datoz, eta sostengu beharko duzu izan. #kiloagarestidago
Zure kanta: Eutsiko diogu, Gari.

