'Jaietan kai'
Txoroskopoa, Ixi Goianetxe
Aquarius: Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra. “Beti kexaka eta korrika, inora ez iristeko… It is ju ju ju…”. Erritmo bizian harrapatu zaitu udak. E! Bizitza bakarra dela! Aholkua: gelditu, itxaron, begiratu zure ingurura ea zer ikusten duzun. Inertziaren zurrunbiloak jan zaitu, eta bitartean kanpoan gauzak asko aldatu dira. Non zaude zu? #BeranduBainoLehen Piscis: Otsailaren 19tik martxoaren 20ra. Udaberriaren atarian suspertzen zara zu. Aurten udaberririk ikusterik ez dugu izan. Trantsizio urtaroak desagertzen ari dira, eta… galduta sentitzen ari zara, zure nortasun ezaugarri nagusiak huts egin izan balizu lez. Besterik ez zenuen behar orain… mila motibo parrandan irten eta ahazteko. #IparraGalduHegoraJoan Aries: Martxoaren 21etik apirilaren 19ra. Urteko sasoirik onenean somatzen zara, ez dago barroterik! Gorputz indartsu, aktibo, burua argi eta helburuak finko. Orain da proiektu berrietan apustua egiteko garaia. Badazpada, zaindu zure bizkarra, dosifikatu zure indarrak, eta arretaz jarraitu zure bidea. Harri berberarekin estroputz egiten jarraituko dugu eta beti. #PatuaDaKondena Taurus: apirilaren 20tik maiatzaren 20ra. “Jaia bai borroka ere bai!”, diote batzuek. Zuk holaxe ulertzen duzu, literalki: udaran lanik ez eta beraz auzo guztietako jaiak sustatzea da zure helburu bakar. Igeldotik kroketan jaitsi eta hortxe egongo zara, karmenetan, añorgan, zipotzetan… nola lortzen duzun hori egitea sekretu miretsiena duzu. Ondo gorde, eta segi zure borrokan! Gemini: maiatzaren 21etik ekainaren 22ra. Gogo horiek aguantatu beharko dituzu gehiago… Añorgan Tremenda Jauriaren kontzertua duzu orain mugarri. Pasa da ekainaren 28ko purpurina-parranda, eta orain beste baten zai egon besterik ez duzu. Zein zaila den zain egotea e… Pazientzia, lasaitasuna, serenitatea. Eta eguna iristean… #DesmelenatukoNaiz Cancer: ekainaren 22etik uztailaren 22ra. Gozagarri zaizu eguzkipean buelta eta buelta ibiltzea hondartzan. Brontzeatu bikainaren bila azaleko minbiziaren mugan jokatzen ari zaren jakitun zara. Ba al zenekien eguzkitako kremarena ez dela Osakidetzak asmatutako fakenews horietako bat? #EguzkiBitaminaEskasiarenSindromea Leo: Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra. Laister ekhi zure zodiakoan alineatuko da. Aurten animikoki baxu harrapatuko zaitu, tori uztaila amaierako aurreprestaketarako gomendioak: madalena da zure elikagai, gurtu eta jan; eremu magnetikoa handitzeko arodun sujetadoreak, belarritako, lepoko eta gerrikoak jantzi; azkenik, goizetan esnatzean luzaketea ariketak egin, malgutasunez jokatzeko gorputza lnadu behar baita. Virgo: Abuztuaren 23tik irailaren 22ra. Lagunak zineman baino arruntagoa da terraza galduren batean topatzea, garagardo bat bestearen atzetik edan eta edan. Terrazaz terraza ibiltzea, ordea, ez da merke ateratzen turisten hirian. Merkeena garagardo lata batzuk erosi eta itsasertzera joatea izan daiteke. #GaragardoLataBatBainoGehiagoOteDaUtopia Libra: Irailaren 23tik urriaren 22ra. D bitaminaren gabezia zenuen zainetan, ez da erraza izan, baina azkenean eguzkiaren indarra sentitu duzu zure barnean. Bainujantziaren bila egun osoa pasatu ostean egin dituzu hondartza egun bat baino gehiago. Zure bizkar gorriak krema ahaztu zaizula salatu du. #karramarroakAtzerakaIbiltzenDira Escorpius: Urriaren 23tik azaroaren 21era. Auzorik auzo ekingo diozu Donostiko jai herrikoiak dastatzeari. Festa non egin halakoa izango da zure nortasuna. Betiko erabakiezina: Loiola ala Amara (Zaharra)? Añorga, Karmenak ala Zipotzak? Donostiarron arteko banaketarik argiena da Zipotzak eta Kaiko festen artean dagoena. #EtaZu,NorenaZara? Sagitarius: Azaroaren 22tik abenduaren 21era. Maite duzun jendea, maite zaituena, ondoan duzula sentitzea ederra da. Edertasun horrek sortzen dizu aurpegian iirribarrea. Eguzkipeko Donostiaz oporraldi luzean gozatzeko aukera duzu hau, baina… Ez al zara autoktonoegia bihurtzen ari? Kanpora ere joateko garaia iritsi zaizu, ezta? #BesteMunduBatPosibleaDa Capricornius: Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra. Lagunik gabe gelditzeko beldur zara. Denak joango dira kanpora, baina zuk hegazkinei beldur diezu. Donostiako zaindari txit gorena. Udarako plan bikaina eskainiko dizut: egin zaitez Piraten kofradiaren bateko kide, horrela izango duzu zer eginik. #PiratenBizitzaHoberenaDa Zapaburius: Otsailaren 29tik 31ra. Jai herrikoien ondorio latzenetakoa honakoa da: gosaria bazkariari elkartzen zaioneko garaia. Biak batzea duzu onena, lehenengo bazkaldu, eta gero kafearekin txastxas, gosaldu. #IratzargailuariKaña