Solstizio pagotxa
GEMINI
Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Azkenean iritsi da zure eguna: Zorionak! Putifesta latza antolatuko duzu taberna zuloren batean. Akelarreak ere onartzen dira Uliako kalatxoan. Ligatzeko trikimailu berriak garatu dituzu sinfinamendan. Dena martxan jartzeko prest? Korapilatzeko prest?
AQUARIUS
Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Gaixoa Aquarius. Konfinamenduaren leuntzearen 2,7 fasean gauden honetan, han non topatu duen Donostiako Udalaren Astronomia, Ingurumen eta Pandemia Sailak, ausaz aukeratutako hogei herritarren lagin bati egindako test azkarren bidez, Aquarius zodiakoa diren donostiarrengan hasi dela koronabirus-agerraldi berri bat agertzen.
PISCIS
Otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Konfinamendua zein ongi joan zaizun behin eta berriro entzuteaz aspertuta dauzkazula lagunak ez al zara ohartu oraindik? Lagunek konfinamenduaren arintze zorigaiztoko bat opa dizute: birus bakarra telelana da. Etxetik, zure bakardadean, eta malgutasunezko rollo guay eta hipsterra daramatenak gorrotagarriak dira.
ARIES
Martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Udalaren kontsumorako bonu-laguntzekin trapitxeo sare oso bat sortu duzu: hamalaugatik erosi, hemezortzian saldu… Koronabirusaren osteko Donostiako etxebizitza eta turismoaren espekulazio eredua errealitate berrira egokituko duen erreferente bihurtuko al zara? Goiak prentsa aurrean adierazi duenez, Urrezko Danborra krisi honetatik turismo eredu are basatiago bat asmatzen duen Ariesi.
TAURUS
Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Nostalgiaz oroitzen duzu konfinamendua, a ze garaiak haiek: kazoladak koronaren eta birusaren aurka, txalo hunkigarriak, bizilagunak pisu kideak baino gehiago maitatzea, balkoi eskubidea guztiontzat kanpaina, instagramer bihurtu izana… post-Covid-19 indartsuagoa zara Taurus, pazientzia garatu duzu, eta txakrak lerrokatu dituzu: horri esker gaur ez zara Librarekin haserretuko.
ZAPABURIUS
Otsailaren 29tik 31ra.
Zenbat disfrutatzen duzun itsasoko uretan plisti-plasta edo palan lagunekin jokatzen. Beti erreferente, beti lider, eta aldi, berean xalo, xume. Jarraitu kirola eta lagunak, lagunak eta kirola uztartzen, poteoa ahaztu gabe, parrandarik ez badago ere, giro latza datorkizu eta hilabete honetan!
CANCER
Ekainaren 22etik uztailaren 22ra.
Plater konbinatua ala bokata? Menua ala errazioak? Ardoa ala garagardoa? Bikinia ala neoprenoa? Pala ala erraketa? Whatsapp ala Telegram? Insta ala hil? Tortilla patata tipularekin ala gabe? Pareoa ala toalla? Bizikleta ala patinetea? Bizikletaz espaloian ala errepidean? Naranjitoak bizikletaz ala kotxez? Isunak aurrez-aurre ala online?
LEO
Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Zer gertatuko da poteoekin? Zer gertatuko da turismoarekin? Turistek erreserbatuko dituzte terrazetako mahai guztiak? Solstizioa ospatuko dugu? Akelarreak hondartzan egingo ditugu? Izozki dendetan zenbat denborako ilara egin daiteke duintasunik galdu gabe? Muturrekoa poltsan dantzan eraman ondoren denda txiki batean sartzeko jartzeak zentzurik al du?
VIRGO
Abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Zure lagunek abuztuan baino kolore gehiago dute. Inoiz igeri egin ez duena uhartera joaten da egunero igerian. Arratsaldetan paseatzeko gelditzen dira lagunak. Zuk pantaila duzu oraindik lagun. Telekakaren munduan jarraitzen duzu. Eguzkitako krema berria erosi ere ez duzu egin. Paradigma aldaketa?
LIBRA
Irailaren 23tik urriaren 22ra.
Euskal Herritik kanpo gertatzen denarekin oso twiterkontzientziatua zaude, beltzen zapalkuntza AEBetan, Amazonako baso soiltzea, eta abar. Inguruan ere baduzu errefuxiatuen afera, erraustegia, eraso matxistak… Begiratu zure ingurura gehiago eta sarera gutxiago, sareak harrapa ez zaitzan.
ESCORPIUS
Urriaren 23tik azaroaren 21era.
Konfinamenduari neurria hartu zenionean, terrazetara joaten hasi ziren zure lagunak, eta zuk zure oskolari eutsi diozu orain arte. Zure konfort gunetik atera, eta beharrezko babesarekin bada ere, goxatu zure barrua, eta egin irribarre maskara horren azpian bada ere, hau konfinamenduaren arintzearen parte da eta!
SAGITARIUS
Azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Konfinamenduan gitarra jotzen hasi zinen, izozkia egiten hasi, amonaren errezetari kutsu modernoa ematen, irakurtzen eta idazten… Eta orain? Zer egingo duzu orain? Ez da erraza zure burua saltzea konfinamendutik harago. Gomendioa: familia bazkarian zure gaitasunak erakutsi ditzakezu, beraientzat beti izango baitzara onena.
CAPRICORNIUS
Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Bizikletak su hartu ez badu zorionekoa zu, egurra ematen ari zara, aldapa gora eta behera, zure datuak besteekin konparatzeko app bikaina instalatu berritan. Hori bai, app horrek zure berri lagunek baino gehiago duenean, itzali zan/k app-a eta piztu gintonikapp!