Txoroskopoa: 'Oztopo guztien gainetik'
Aquarius: Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Maiatzaren Lehenaren ostean, langileok gure eskubideak aldarrikatu ostean, munduko turismo goi-bilerako kide txit gorenek hartu nahi dute lekukoa gure herrian… Utziko al diezu? #NonDaDonostiaKlandestinoa? #Maiatzak25Manifestazioa
Piscis: Otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Desirak begira egiten duenean, ba al da haren bila joatea baino gauza ederragorik? Desirak belarrira egiten duenean, ba al da haren bila joatea baino gauza ederragorik? Desira musika bihurtzen denean, ba al da Doctor Deseoren kontzertura joatea baino gauza ederragorik? #DesirenMunduanMusikaArnas
Aries: Martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Ari ez bazara, eri zaren seinale. Bada garaia Libre lasterketarako entrenatzen hasteko. Ez duzu bada aurten ere ikusle izan nahiko, ezta? Jantzi zapatilak eta atera kalera askatasunaren izenean korrika egitera. #AskeEzinLibreGara
Taurus: apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Herri Urratsera joateko erak eta erak daudela ederki dakizu. Joan izan zara autobusez, litroak motxilan sartuta. Kotxez lagunekin txosnetako basoak goraino beteta. Bezperako kontzertuetatik kotxean lo eginda, baita txosnak alboratu eta talo postuetan dirua utzita… Zeren txanda da aurten? #NikEzDiatInoizEsango
Gemini: maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Feminismoaren izenean dolu amaigabean egotea baino nahiago izan duzu zeure ingurukoekin negar beste irri egin. Oihukatzeko beharrean atera zara mendi tontorrera. Albisteak entzuteari utzi nahi izan diozu, baina ezin. Matxista feminizida guztien aurrean jarri eta, zer egingo zenukeen amesten duzu. #NikSinestenDizut
Cancer: ekainaren 22etik uztailaren 22ra.
Aste Nagusi bakarra ez delako munduan, hasia zara dagoeneko pirata lanetan. Donostia giriek abordatu orduko lortuko al dugu guk geuk abordatzea? Erasotzaileek gune askeak abordatu orduko lortuko al dugu feministok festa guneak abordatzea? Kapitalistek gune iraultzaileak abordatu orduko lortuko al dugu txikitik eragitea? Erdaldunek euskal guneak abordatu orduko lortuko al dugu geure hizkuntzan gozatzea? #AsteNagusiMakarra
Leo: Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Udaberria iritsi da eta desiatzen zaude zure irakurzaletasuna publiko egiteko! Edozein plaza, banku edo itsasertz da egokia horretarako, norbaitek begiratzeko bada noski! Aukera ona duzu zureetakoen bat ezagutu ahal izateko… adi egon liburu atzean ezkutatzen diren begiek egindako seinaleei, baita irakurtzen ari den liburuari ere… #bihotzhandiegiabesteentzako #jenisjoplinplanplun
Virgo: Abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Doministikuka zabiltzan honetan, polenaren aurka etxezuloko planak egitea komeni zaizu, deitu iezaiozu neguan ezagutu duzun lagun koloretsu horri eta proposatu pelikula txar bat ikustea, krispetak eta guzti, kanpoan hotz dago eta oraindik #xirrimirrietaxirribirritan
Libra: Irailaren 23tik urriaren 22ra.
Gure sistema maite honek bidea oztopatu besterik nahi ez duen honetan, osasuntsua izaten da sastraka eta sasiak kenduz gurea egitea. Oposaketen garai ilun honetan argia bilatu ezazu zure borroka txikietan, ausardiaz jokatu, galtzeko asko dugula sinestarazi badigute ere, irabazteko gehiago dugu! #arnasguneakbilatu #borroka #arrotzabadauko
Escorpius: Urriaren 23tik azaroaren 21era.
Gonbidapena jaso duzun arren, ez joatea erabaki duzu, hala ere, sare sozialek aukera ona ematen dizute zure egunerokotasun ilun eta aspergarria antxoa harrapatu berriak bezain ondo saltzeko! Zubian egindako argazkiekin collage bat egitea duzu onena, filtro kasual bat jarrita noski! #sepia #lekuzkanbo
Sagitarius: Azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Errutina zalea bazara ere, udaberriaren etorrera egokia da zure karratutasuna borobildu eta ertzak limatzeko. Erlojuari hainbeste begiratu gabe bizitzea zer den froga ezazu, asteburu batean bada ere, adrenalina puntu bat emango dizu eta! Horretarako lagungarri egingo zaizu ardo tragoxka bat #Borobildualahil
Capricornius: Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Mendirako joateko gogoa ase ezinda zabiltza gure Euskal Herri tropikala dela eta, hala ere lasai, maiatzeko asteburuak egokiak dituzu planak egiteko. Hori bai, neguko arropa armairuko azkeneko apalean gordetzeko garaia ez da iritsi, beraz, bainujantzi eta galtza motzen gainean utzi dezakezu goretexa. #harrokeriarikgabe
Zapaburius: Otsailaren 29tik 31ra.
Maiatzean makina bat kontu izaten ditugu inguruan. Onena duzu denetara joan ezingo zarela onartzea, bestela txoratzeko arriskua duzula dio Txoroskopoak. #ZainduMaiteDuzunHori