'Txoroskopoak ere planto!'
Ixi Goianetxe, Txoroskopoa
Aquarius: Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra. Martxoaren 4a egun handia duzu, emakume* kirolari sena erakusteko aproposa. Ez da inoiz berandu orain artean alde batera utzitako bizi proiektuak martxan jartzeko. Ohitura osasuntsuen beharretan, proiektuen hasieran ez gehiegi motibatu: 5km gehiegitxo bazazizu, ez ahantz zunba saioa ere baduzula! Gomendioa: hasiera beti light. #ItzaletikArgitara Piscis: Otsailaren 19tik martxoaren 20ra. Hasi dira zuhaitzak loratzen, zelaiak koloreztatzen, margaritaz betetzen. Kontuz udaberriko loraldiekin, sentikortasunak iparra du beti eta ez zaitez gal hodeien formetan, nahasi mimosen sustraietan bestela hego haizeak dantzan jartzen dituen sentimenduetan korapilatuko zara. #KorapilatzenJarraitzenAlDuzu? Aries: Martxoaren 21etik apirilaren 19ra. Anbizioak ez du mugarik: engantxatzen duen droga bailitzan, zaila izaten da desengantxatzea. Plan mordoa esku artean, Klitto, Liher, Lilatoia, DJ Miau, Ibaetako Jaiak, Itxaso Piquerren bertso-saio amaiezinak, Gazte Akelarrea… Esaera zaharrak dioen bezala: “Euskadin lo ez!” Eta ezta zuk ere! #XabierSaldiasBetiGogoan Taurus: Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra. Otsailean eguzkiak planto egin du, baina martxoan gurekin izanen dugu, eguneko plazer ñimiñoez gozatzeko tori Argiñanoren errezeta: arreta jarri orainean eta hemen, sentitu, pentsatu eta ekin, beti elkarrekin. Martxoan izan Irrien lagun, izan trans, izan la-loka-histerika eta bota irrintzi bi. #ZarenaZarelako Gemini: Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra. Geminiren urtaroa da udaberria, elementua airea. Gaitasuna eta bakarra: goxatu ingurua, berotu giroa eta erotu harremanak. Zure unea da astintzeko mundua, mundu erdiak geratu baitezake mundu osoa. Hankak lurrean, amantalak airean, hegan egiten utzi ez dizunari hortzak erakutsi. #EmakumeokPlanto Cancer: Ekainaren 22etik uztailaren 22ra. Izaeraz zara sorgin inplikatua, burua argi eta aldarria ahoan duena. M8-rako prest duzu erratza eta ukabila, bilera batera ere ez duzu kale egin, pankartak eta begizkoak egiten ere ikasi duzu, ez zaitu inork geldituko #UoUoUoooo #AbadaKedabra Leo: Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra. Udaberriko zure aurkikuntzaren bokalean: Izaroren kontzerturako sarrera tokatu zaizu, mespretxuz jaso zenuen eta joango ez zinelakoan hara non sorpresa! Donostiartasun sentimendua eraiki du zubia zuon bion artean eta Kontxako badian olatuak bare, han topatu duzu bakea. Espero ez zenuen aurkikuntzaz betea dago mundua #UraEzDaGardenaBetetaDago Virgo: Abuztuaren 23tik irailaren 22ra. Goya sarien ondoren Oscarrak iritsi dira dagoeneko. Handia pelikularen arrakastaren ostean, oraingoan ez dakizu ze pelikularen alde zoazen. Oraingoan ere afari elegantea prestatu duzu, betiko gonbidatu hipsterrekin. Goiz bueltatu etxera, agian Aurresku tabernatik ezingo zara eta atera, lilatoiak eta DJ Miauk bereganatuko zaituztelako. #NahigabekoParrandenMaitaleaNaizEtaZer Libra: Irailaren 23tik urriaren 22ra. Erabakiak erabaki molde zaharrak eraitsiz aurrera egiteko beharra duzu, barren-barrenean sentitzen duzun zera berri horren jaiotzak bultzada galanta eman izan balizu lez. Ez da beldurra, ezta ahulezia ere, behingoagatik ausart sentiarazi zaituen ilusioa eta goxotasuna ordea. Aska zaitez, martxo moreak markatuko baitizu bidea. #AmantalakErantzizGozatuEtaBiluztu Escorpius: Urriaren 23tik azaroaren 21era. Hotza erraietaraino sartuta hasi baduzu martxoa, ez da neurriak hartu ez dituzulako, hiru galtzerdi pareak primeran baitaude. Baizik eta agian arazoa oker enfokatzeagatik: geldirik dagoen harria ez dabil eta izotz bilakatuko da denborarekin. Mugimendua eskertuko duen gorputza duzu, jarri arreta zure hainbat atalengan: belaunak, gerria, bularraldea, masail-hezurra. #IzotzKubitoIzateazAspertutaEtaZu? Sagitarius: Azaroaren 22tik abenduaren 21era. Urteko momenturik lirainenak kolorez bustirik ohi datoz, koloreaz gozatzen jakitea komeni ordea, une hauek zure eskuetatik ihes egin ez dezaten. Beltzegi zabiltza azkenaldian, kolore ilunak aukeratuta erabakiak hartzearen arduraz aldentzea bilatuko bazenu lez, neutraltasuna, erantzukizun eza, dena xurgatu baina ezer ez duena askatzen. #uMoreztatuZaitez Capricornius: Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra. Martxoa, emakumez beteriko bertso saioen sinonimoa da. Hainbeste bertso afari eta bertso poteo, ez dakizula nora joan. Agenda atera eta ongi apuntatu data guztiak. Hala ere, urtero bezala, espero duzu urte guztian zehar emakume bertsolariek protagonismo gehiago izan dezaten, ez bakarrik martxoan. #AhutsiDezagunKristalezkoSabaila Zapaburius: Otsailaren 29tik 31ra. Martxoak 8rako dena prest duzu, edozertarako prest zaude! Dagoeneko mantala leihoan jarri duzu eta zapi morea jartzeko irrikitan zaude. Manifan lehenengo lerroan joango zara purpurina eta guzti. Otsaila zure hilabetea nahiz eta bukatu, martxoan gerra ematen hasi zara. Jarraitu ingurukoekin zaren bezalakoa izaten. #HitzarenArgazkiraJoangoNaiz