Uztaileko Txoroskopoa
Berritasun bat dakar Urdiñe Totorika Larreak uztailean: etorkizuna iragarri ordez, Donostiako gozo batekin lotu du zeinu bakoitza; zein gozo zara zu?
Otaegui gozotegi donostiarreko pantxineta ezaguna.Euskal Gastronomia Akademia
Aquarius: urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
La Viñako gazta tarta zara.
Bai, sentitzen dut. Berezia, krematsua, gazia, gozoa… Arauetatik at. Ohiko tarten moldeak hautsi zituen eta mundu osoan joera berria sortu du (eta kopiatu dute) tarta influentzer honek. Kontuz, arrakastaz hil edo ingurukoak akabatzeko gaitasuna duzu.
Piscis: otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Geltokiko Ondarreta tarta zara.
Sentikorra, ameslaria eta magikoa. Bizkotxo oso leuna, gorringozko krema gozoarekin egina eta glas azukrez eta almendrazko hodei zuri batez estalia. Ahoan urtu egiten da, fantasia leun eta nostalgiko baten moduan. Iraganean bizitzeaz gogaituko zara.
Aries: martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Richeko bonba (edo Aramendiakoa) zara.
Aries bezalakoa, indartsua, zuzena eta inpultsiboa da. Ez du ezkutuko sekreturik: borobil-borobila da, azukretan blai eta barrualdea eztanda egiteko prest dagoen esne gainez betea. Ausartentzat egina!
Taurus: apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Oiartzungo hostopila zara.
Lur zeinua, tradiziozalea eta segurtasuna maite duena. Ehunka hosto fin, gurin onarekin egindako hostopila, krema eta esne gain leunarekin osatua. Pazientzia, artisautza eta kalitate iraunkorra eskatzen ditu; lehen begiratuan xumea dirudi, baina benetako altxorra barruan dauka.
Gemini: maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Otaeguiko Inglesito-a zara.
Bikaintasuna eta dualtasuna. Bi bizkotxo txiki, gorringozko kremaz elkartuta, eta alboak bi txokolate geruzatan banatuta. Alde bikoitza, komunikatiboa, arina eta arratsaldeko tertulietarako bikotekide perfektua.
Cancer: ekainaren 22tik uztailaren 22ra.
Aguirreko briochea zara.
Cancer gozoa da, babeslea eta barnerakoia. Brioche artisau eta mamitsua bezalakoa da: kanpotik usain gozoa eta barrutik bigun-biguna, etxeko babes eta goxotasun hori gogorarazten duena. Etxerako modukoa, alegia.
Leo: uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Otaeguiko pantxineta zara.
Errege-erreginaeztabaidaezina, gure gozogintzaren izarra, edonor maitemintzeko gai. Gaineko almendra txigortuak dira koroa, eta bere hostopil kurruskari distiratsuarekin arreta guztia bereganatzen du. Esklusibotasuna garrantzitsua da zuretzat, urte osoa pasatzen du jendeak Gabonen zain.
Virgo: abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Eclair-ak (edo errelanpagoak) zara.
Simetria, perfekzioa eta xehetasuna. Choux orearen formak perfektua izan behar du, betegarriak zehatza, eta gaineko glasatu distiratsuak marra zuzen eta txukuna izan behar du. Akatsik gabeko esteta zara.
Libra: irailaren 23tik urriaren 22ra.
Argitaneko macaron-a zara.
Harmonia, oreka eta dotorezia. Kanpotik finak eta perfektuki simetrikoak, barrutik leunak eta zaporez beteak. Testuraren, kolorearen eta gozotasunaren arteko oreka zorrotza dute, eta xehetasun bakoitza zainduta dago. Librak bezala, edertasuna eta oreka bilatzen dituzte beti, eta dotorezia naturaltasunez erakusten dute.
Escorpius: urriaren 23tik azaroaren 21era.
Izar gozotegiko txokolatezko palmera zara.
Misteriotsua, magnetikoa eta intentsitate handikoa. Txokolate beltz eta lodi horrek erabat erakartzen zaitu, eta hostopil ilun, trinko eta sakon horren barruan pasio eta intentsitate handiko sekretu bat gordetzen da. Izar itxi zutenetik aurkitzeko ezinezkoa, baina topatuko duzu biziberritzeko moduren bat, Escorpius.
Sagitarius: azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Geltokiko txokolatezko triangelua zara.
Abenturazalea, baikorra eta mugarik gabea. Triangelu formako hostopil handiak bidaia baten norabidea markatzen duela dirudi: hiru punta, hiru norabide ezberdin esploratzeko, eta gozotasuna bideko txoko guztietan.
Capricornius: abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Marqueteko Euskal Ogia zara.
Lurreko zeinua, langilea, tradizionala eta oinarri sendoak dituena. Hartzidura luzearekin eta artisau metodo zaharrekin egindako ogia da; denborak eta ahaleginak soilik eman dezaketen kalitatea eta iraunkortasuna irudikatzen ditu.
Zapaburius: otsailaren 29tik 31ra.
Pariesko gerezi marmeladadun euskal pastela zara.
Ez zara ofizialki existitzen… eta horixe da zure indargunerik handiena. Inork ez daki noiz agertuko zaren, baina agertzen zarenean denak zure atzetik ibiltzen dira. Kanpotik euskal pastel klasikoa dirudizu; barruan, ordea, gerezi marmeladaren sorpresa ekarri diguzu. Donostiako sekretu handienetako bat zara: bertakoek ez dute gehiegi aipatzen, baina badakienak badaki ez zarela edozein euskal pastel.

