Belatz bat San Bartolomen?
Easo kaletik ibiltzean, gora begiratuz gero, silueta beltz handi bat ikusiko duzu San Bartolome muinoko hotelaren inguruan. Arrano bat? Hegazkin bat? Txoriak Donostia menderatzera datoz? Agian iritsiko da Alfred Hitchcocken The Birds filma errealitate bihurtuko den eguna, baina lasai, oraindik ez da egun hori heldu, eta San Bartolomekoa ez da ez arrano bat, ez hegazkin bat ezta txorien iraultza ere; gezurrezko belatz bat baino ez da.
Arretaz begiratuz gero, ikusiko duzu ondoan makil malgu bat duela, eta belatza hari lotuta dagoela. Haizeak gogor jotzen duenean, alde batetik mugitzen da, eta usoak ehizatzen dabilela dirudi, oso erreala baita. Ehizatu ez, baina uxatu bai, horretarako jartzen baitira halakoak. Ordea, usoak konturatzen badira belatza ez dela benetakoa, orduan bai, baliteke txoriek iraultza bat egitea, eta belatza izango da euren biktima.