Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala
Larunbatean, hilaren 14an, Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketako finala jokatuko da Illunben, 17:00etan. Horren harira, prentsaurrekoa egin dute gaur zortzi finalistek Illunben bertan: Alaia Martin Etxebeste, Andoni Rekondo Izagirre, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran. Ane Ezenarro Beristain Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai jartzaileen ordezkaria ere agerraldian egon da, bera izango baita txapelduna iragartzearen arduraduna.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasi zela lau hilabete beteko dira larunbatean, baina, Bertsozale elkarteak azaldu duenez, urte osoko jardunaren ondotik helduko da finala, eta gogotsu agertu dira bertako protagonistak.
Donostiak ordezkari bakarra izango du finalean, eta irabazteko faboritoen artean dago: Beñat Gaztelumendi añorgatarra. Bi aldiz izan da Gipuzkoako txapeldun, 2015ean eta 2019an, eta hiru aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista: 2013an, 2017an eta 2022an.