Gipuzkoaren etorkizunari buruzko hausnarketa eta eztabaidarako jardunaldiak: Auditz Akular
Gipuzkoaren etorkizunari buruzko hausnarketa eta eztabaidarako jardunaldien 2026ko zikloa abiatuko dute Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean, Altzako Auditz Akular eremuaren inguruko saio batekin. Ostegunean izango da saioa (hilak 16), 18:00etan, elkargoan bertan (Frantzia pasealekua, 11); sarrera doakoa da, baina izena eman behar da.
“Jardunaldi honen helburua da zonaldeko garapen proposamenak aztertzea eta horrek izango lukeen eragin ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa ebaluatzea. Era berean, etxebizitzaren arazoa eta horrek garapen ekimen horiekin duen lotura aztertu nahi da. Besteak beste, aurreikusitako hiri plangintzan sakonduko da, baita eremu natural horretan izan ditzakeen ondorioetan ere”, azaldu du elkargoak. Gogoratu behar da Altzako berdegune handi horretan 3.000 etxebizitza inguru eraiki nahi dituela udalak.
Horretarako, gaian ezagutza handia duten bi hizlarik hartuko dute parte: Patxo de Leon arkitekto hirigileak eta Maribi Joaristi letratu hirigileak. Hitzaldien ostean, solasaldirako tartea zabalduko dute, Oihana Santolaria arkitektoak moderatuta. Ondoren, mokadutxo bat eskainiko dute.


