'Hiltzeko eskubidea, libre heriotzeraino'
Urriaren bukaeran eta azaroaren hasieran, ohi baino gehiago hitz egin ohi da heriotzaren gaiaz, Santu Guztien Egunaren (azaroak 1) eta Gau Beltzaren (urriak 31) harira. Horren bueltan, hain zuzen ere, heriotza izango dute hizpide ostegun honetan (hilak 30) Egiako Teila Fabrikan, hitzaldi baten bidez.
Osteguneko hitzaldiaren izenburua Hiltzeko eskubidea, libre heriotzeraino da, eta Iñaki Olaizola Eizagirre antropologoa eta EHUko Txindoki ikerketa taldea izango dira hizlariak, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartearen eskutik. Elkarteak nork bere gorputzaz eta bizitzaz askatasunez gozatzeko eskubidea sustatzen du, eta, oro har, bizitza amaitzeko unea eta bitartekoak askatasunez eta legez aukeratzeko eskubideak aldarrikatzen dituzte. 18:00etan izango da hitzaldia.

