Urteak daramatza herri izaera duen auzoa hobetzeko eta biziberritzeko lanean. Maite Barron (Martutene, 1985) izan zen Martutene Bizirik plataformaren sortzaileetako bat, eta egun Sarroeta auzo elkarteko presidentea ere bada. Donostiako periferian bizitzearen gabeziak gainditzea du helburu, Martutenen bizitzeak merezi duelako.
Urteroko legez, Zubietan Herri Jaiak izango dira hurrengo astean. Bertan, adin eta zaletasun guztientzat aurkitu daiteke zerbait: mozorroak, bakarrizketa, giza proba, kontzertuak eta bestelakoak eskainiko dituzte astean zehar.
Hilabeteak daramatzate Maliko 50 asilo eskatzaile inguruk Amara Berriko Kofradien plazan kalean lo egiten, paperak noiz eskuratuko zain. Auzotarren eskuzabaltasunari esker, itxaronaldia arinagoa egiten saiatzen dira, baina instituzioek ardura hartzeko eskatu dute.
Kaiko karramarroa prest dago Karmengo jaietarako. Datorren asteazkenean abiatuko dira, uztailaren 16an. Beraz, festen ohiko azken eguna izango da hasiera. Bost eguneko egitaraua prestatu dute, iaz baino egun bat gutxiago. Ordea, jarduera kopuru bera mantendu dute.
HAPOaren aurrerakinaren ingurumen azterketa estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua ondu du Eusko Jaurlaritzak, eta Auditz Akularreko hirigintza garapena (3.000 etxebizitzakoa) «ezestea» gomendatu du. Hori baliatuta, banderola berdeen kanpaina indartu du Altza XXI-k.
Bere gomendioa argi dauka Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak: «Oporrak hartzea eta jaialdi guztiaz disfrutatzea». Hortik harago, gomendio zehatzago batzuk ere egin ditu.
Lehenengo denboraldia amaitu berri du Kemen Powerchair Futbol Taldeak; esperientzia berria izan arren, hurrengorako gosez daude taldekideak. Aimar Ganuza donostiarra da taldeko kirolarietako bat.
Urteroko ilusioarekin eta jarduerekin heldu dira Añorgako Karmengo jaiak, baina bi asteburutan egiten zutena bakarrean egingo dute aurten: zikiroa, oilasko biltzaileak, Mozorro Festa, eta abar. Berritasun batzuk ere prestatu dituzte.
1960tik 2010era «euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen» inguruko herriz herriko txostenak osatu zituen Eusko Jaurlaritzak. 50 urte horietan talde armatu hainbatek zein segurtasun indarrek eragindako hildakoak jaso zituen horrela. Badira, ordea, txostenetik kanpo dauden hildako biktimak ere.
Igandean, Groseko Indarra elkartearen 25. urteurrenaren harira, kirol ekitaldi bat antolatu dute Saguesen; Surfatloia. Klubak arrauna eta korrika nahasten dituen egitasmo prestatu du herritarrentzat.
Gaur botako dute txupinazoa, eta, igandera bitarte, jai giroan murgilduta egongo dira Altzako Buenavista auzunean. Jai gazteak dira, baina, pixkanaka, auzotarren artean errotzen ari dira.