'Dakidan bakarra'
Jon Odriozola, kazetaria
Sokrates ikastetxean ezagutu nuen Amu irakaslearen eskutik. Kristo aurretik jaio zen filosofoaren bi esaldi bereziki ditut gogoko: «Egiazko jakinduria norberaren ezjakintasuna onartzean datza», eta «Dakidan bakarra deus ere ez dakidala da». Harrapa ezak!
Beste Sokrates baten berri, 1982an Espainian egin zen Mundialean izan nuen. Hau ez zidan inork aurkeztu. Beno, bai, telebistak. Bartzelonan, Sarrian –garai bateko Espanyolen zelaian– Italiak eta Brasilek, uztaileko egun bero batean jokatu zuten norgehiagokan gol bat sartu zuen erdilari brasildarrak. Azkenean, azzurriek 3-2 hartu zituzten cariocak mendean. Hura partida.
Ondorengo urteetan Sokratesen mitoa are ugaldu zen, eskuin oinaren atzeko takoiarekin penaltiak bota, eta sareratzeko gai baitzen. Handia futbol jokalari zein medikuaren iaiotasuna. Tamalez, igandean itzali zen brasildarra. Jokalari bat baino gehiagori hamaika aldiz izkin egin zien Sokratesek; alkoholari, ez.
Egun berean, beste bat, berriz jaio zen: Reala. Partida amaitzear zela, hilzorian egotetik birsortzera pasa zen. Amaieran erabaki zen guztia. Eta nola! Arerio zaila zuen aurrean. Cazorla, Duda eta Rondon jokalariak tartean. Eta ezin da ahantzi ere Willy Caballero atezaina; Realaren aurka jokatzen duen bakoitzean partida bikainak egiten ditu.
Bihotz txuri-urdinak azkenaldian dezente sufritzen ari dira. Levante, Betis eta Malagaren aurkako norgehiagoken amaiera gogoratzea besterik ez dago. Halere, zale askoren bizitzako zati kuttuna da Reala. GPuntuko –Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa– azken finalerdian, adibidez, Iñaki Apalategi bertsolariak agurreko bertsoan emaitzaren berri eman zuen. Jendea ederki poztu zen.
Duela urtebete, Anoetak «gero arte» esan zion Xabier Leteri. Oiartzuarrak, ziur, iragan igandean, gau partean «Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai, hauts hartatikan uste gabean noizpait giñaden gu ernai…» kantatu zuela. Ea talde txuri-urdinak are gehiago ernaitzen segitzen duen Vila-Real eta Racing-en aurka.

