Donostiako kolesterola
Ramon Labaien, idazlea
Donostian alkate berria, eta, nola ez, beti gertatzen den bezala, itxaropen berriak. Igeldotik datorkigu Izagirre jauna, eta hori, berez, berritasuna da. Igeldotik begiratuta, Donostia ez da ikusten, esate baterako, Altzako puntatik azaltzen den bezalakoa. Ideia berriak, kontzeptu berriak, dudarik gabe, alkate honek horrelako zerbait ekarriko digula dudarik ez, asmatuko duen edo ez beste kontu bat izanik, ez da itxaropenik ez edukitzeko arrazoirik ikusten. Demokraziak, edo gauzak zehazki esateko, demokraziaren antzekoak eta menperatuak gaituen Espainiako sistema politikoak mota desberdinetako alkateak ekarri dizkio Donostiari. Alkain jauna lehenengoa, administratzaile trebe eta zintzoa, lehen aldiz gure finantzen pobrezia argi eta garbi azaltzeko adorea izan zuena. Frankismoaren ondorioak zirenak konpontzeko, lehen neurri mingarriak hartzen ausartu zen. eta hurrengoa kimikoa –hori ni nintzen– problemak ikertzen ohituak garela suposatzen dena. Nire erronka etorkizuneko Donostia berriaren beharrak aztertzea, eta alor horietan lehen pauso nagusiei hasiera ematea izan zen. Eta Albistur jauna hurrengoa. Tolosarrok diogun bezala, nafar kozkorra, kemenak eta guzti, ekonomiaren zorroztasuna eta zintzotasuna batzen zituena, hasiak ziren ekintzei izugarrizko bultzada emanez. Elorza jauna gero. Udaletxean azaldu zenean, ofiziorik gabekoa. Horrek esan nahi du, denerako balio lezakeela edo deusetako. Ikusiz alkate gisa iraun dituen urteak, irauteko behintzat balio duen pertsona. Besteak egindakoak inauguratzen eta baita ere, bere emaitza positibo eta propioak Donostiari eskaini dizkiona. Hortaz, dudarik ez, denbora izan duelako eta borondatea ere bai. Gure alkate berria, mihikoa dugu. Sendagileak, pertsona diren neurrian begiratzen dituzte herritarrak, potentzialki gaixoak, eta ez zerga ekarle hutsak balira bezala. Espero dezagun udaletxeari anbulatorio politikoaren giroa emango diola. Egia esateko, une traketsean hasi du bere alkatetza Izagirre jaunak. Hasieratik, herritarren nahiei erantzuna ematen saiatu gara alkate izandakoak. Gaur egun, herritarrek espero dituztenak, exijitzen dituztenak askotan, sobera ezagunak dira. Gertatzen dena da herritarren nahiak gauza bat direla, eta diruak prestatzen dituztenen aginduak,–onartu beharrak gauzak egingo baldin badira– beste bat. Diotenez, Donostiako Udala zor larrietan dabil. Zorrak kolesterola bezala dira, berez ez dira txarrak. Kolesterol ona eta kolesterol txarra. Zor onak eta zor txarrak. Bihurtu litezkeenak eta behin ere ordainduko ez direnak. Sinesgarritasuna lurperatzen dutenak. Zein motatakoak diren Donostiaren zorrak, horra hor koxka. Eta koxka nagusia. Ikerketa nagusia exijitzen duena, emango diren lehen aurrerapausoak ez badira hankaz gora amaituko.

