'Ezagutzen zaitut, baina...'
Unai Elizasu, gai jartzailea
Ez da xamurra esaldi hori buruan dantzan hasten denean. Ez da xamurra, pertsona bat ikusi, ezaguna izan, eta ezin asmatu nondik. Akaso bere irribarre izango da, akaso bere begirada, akaso bere ilea, akaso bere ibilera… ez dakigu zer den, baina bada zer edo zer, ezagun dena. Ni bezalakooi, non memoriak gure egunerokoan ardatzetako bat den, izugarrizko trantzea sortu izaten digu ezin jakin horrek. Ia ia, gaizki pasatzeraino. Azken asteotan, behin baino gehiagotan pasatu izan zait hori. Eta oraindik ere, nire burua zokomiatzen nabil, ea nondik eta zergatik ote ditudan ezagun. Aurreko batean, taberna batean geundela, sartzen ikusi nuen, ezagun egin zitzaidan bere begirada, eta… orduan, gerta zitekeen okerrena gertatu zen. Berak, aurpegi keinu bat eginez agurtu ninduen, betidanik ezagutuko banindu bezala. Eta nik, keinu horri erantzun nion… errespetuz…, baina oraindik ere, nondik ezagutzen dudan ezin jakin. Eta… kezka horrekin ibiltzea ez da ba atsegina. Errazena, beregana hurbildu eta “Kaixo… ezagun egiten zait zure aurpegia baina ez dakit nondik?” galdetzea litzake…, baina ausardia de serie ez dugunoi, zaila egiten zaigu. Pentsatu izan ohi dut, galdera horren parekoa ez ote den “lan ala ikasi egiten duzu?”… Eta, berak, hori pentsa lezakeela uste dudalako galdetzeari uzten diot. Eta azkenerako, joan egiten da…, baina gure burutik ezin dugu kendu. Ihesi doa, baina gezi bat bezala ukitu gaitu. Bertso saioetan, oholtzan gaudenean, jendea izaten dugu parez pare, eta askoren aurpegiak iltzatzen zaizkigu memorian. Edo zenbaiten keinuak, irriak… eta ia betirako, gogoan geratzen zaizkigu. Baina egiaz, gogoan ez zaigu keinu edo delako hori geratzen; baizik keinu horrek sortzen digun sentsazioa da gordetzen dena… Sentsazio hori piztu den plaza, herri, taberna hori ez zaigu iltzatzen. Sentsazioen memoria eta memoria geografikoa ez ditugu modu berean landuak. Sare sozialean ere, halako zerbait gertatu egin izan zait… Eta oraindik ere, buelta eta buelta nabil/gabiltza… Eta azkenerako, buelta eta buelta hori izango da gogoan geratuko zaiguna. Ustez, nonbaitetik ezagutu, eta azkenean, bertatik ezagutu. Lagun batek, gehiegi pentsatzen nuela esaten zidan aurrekoan… Arrazoi du. Alperrik kezkatzen gara gehienetan. Etxean badut koaderno bat, eta garai bateko eskolatan bezala, bertan idatziko dut: “Ezagun egingo bazait, hurbildu eta zalantza uxatuko dut!”, “Ezagun egingo bazait, hurbildu eta zalantza uxatuko dut”, “Ezagun egingo bazait, hurbildu eta zalantza uxatuko dut”, “Ezagun egingo bazait…

