Beñat Gaztelumendi: '2013ari'
“Zer eskatzen diozu 2013ari?”. Halaxe hasten dira elkarrizketak, hausnarketak eta bertso-saioak. Urtea joan eta urtea etorri egitura bera du galderak, zifra bat aldatuta. Zer eskatzen diogu 2013ari? Asko dago eskatzeko. Gurea da lehenengo belaunaldia ekonomikoki aurrekoak gaindituko ez dituena. Ideologiak hil ondoren jaiotakoak omen gara, gure zilborrari begira bizi garenak sare sozialek eta telebistak itsututa. Ikasiz gero lan hobe bat izango genuela agindu ziguten, eta ikasi egin genuen, bai horixe. Orain Lanbideko bulegoetako baldosa zuriak zenbatzea dugu denbora-pasa.
Euskalgintzako ameslari handien ondorengo gara, euskara biziberritze bidean jarri zutenen oinordeko. Sortuta aurkitu genituen ikastolak, sortuta euskaltegiak, sortuta euskara teknikariak, sortuta euskarazko hedabideak, sortuta euskarazko argitaletxeak, sortuta euskararen inguruko elkarteak. Sortutako mundu batera jaio ginen. Gu izango ginela normalizazioan biziko zen lehenengo belaunaldia pentsatu zuten askok. Erraztasun guztiak eman zizkiguten euskaraz ikasi genezan, eta ikasi egin genuen, bai horixe. Orain gazteleraz mintzo gara kale neurketetan.
Guk ez genuen Franco ezagutu, ETAn ez zegoen poli-milirik gu sortu ginenean eta GALek oinez ikasten harrapatu gintuen. Mendeetako gatazka hamarkada batean konpon zitekeela usteko zuen norbaitek. Baina guk ere ikusi behar izan dugu odola, guk ere jasan behar izan dugu errepresioa, zer esanik ez Donostian. Guk ere badakigu zer den kartzelatik lagunak begirada aldatuta ateratzea, egunero ikusten ditugu edozein gauetan gugandik urrun eramango dituztenak. Horregatik joaten gara gu ere Bilbora oraindik urtarril hasieran.
Krisiaz hitz egiten dugu letra larriz, baina minuskulaz idatzitako krisi askok kizkurtzen dizkigute begiak. Errazegia litzateke «horrelakoak egin gintuzten» esatea eta alferrikakoa «horrela daude gauzak» pentsatzea.
Ez baitago krisia baino garai hoberik aldaketarako. Mundu zoriontsu batera jaio ginelakoan geunden, baina gurasoen eskuak askatu ditugunean, eginda baino gehiago aurkitu dugu egiteko. Akaso «zer eskatzen diozu 2013ari?» beharrean «zer emango diogu 2013ari» galdetzen hasi beharko genuke.


