30 urte beldurraz gozatzen
Aurten Donostiako Beldurrezko Asteak 30 urte betetzen ditu, eta aukera polita izan daiteke festibalitis kontzeptuaren inguruan hausnarketa egiteko, batez ere zinemak bizi izan dituen aldaketak ikusita.
Zinemaldi hau jaio zenean ez zegoen ez Internetik, ezta pirateriarik edo bideo plataformarik, jakina. Zinemak oraindik gazteen zaletasunen artean leku garrantzitsua zeukan. Gaur egun, gure zinemaldia millenial denean, hurrengo belaunaldietan filmak (edo telesailak) etxean, tablet batean edo smartphone batean ikusten dira. Pantaila handiak superheroiek edo beste Hollywoodeko proposamenek betetzen dituzte ia modu esklusiboan, erresistentzia gune batzuk aparte.
Bestalde, egia da inoiz baino aukera gehiago daudela zinea aurkitzeko edozein lekutan eta formatuan. Horregatik, hain zuzen ere, zinemaldien betebeharra da filmei balioa ematea, aurkitzen laguntzea, zinemaldi bakoitzaren ikuspuntutik.
Baina ezin da baztertu «festa»-ren kontzeptua, jai kultural bat, lagun arteko festa. Eta hasieratik hori izan da Donostiako Beldurrezko Astea, programatzaile eta publikoaren konplizitateari esker. Gure lehentasuna da fantasia eta beldurrezko film onenak (edo interesgarriak, beste arrazoi batzuengatik) aukeratzea eta publikoari eskaintzea, konpartitzeko. Antzoki Zaharreko ikusleak ez dira guztiak berdinak, baina elkarrekin daudenean korronte politak sortzen dira emanaldietan. Batez ere zinemarekiko maitasuna nabaritzen da, askotan generoaren ezagutza handiarekin, baina ikuspuntu ludikoa galdu gabe. Ez da gauza bera film bat ikustea gure festibalean edo beste edozein lekutan: filma garatzen den bitartean, iruzkinak, abestiak, jendearen arteko eztabaidak izatea, edo kontrakoa jasotzea: kanposantu baten isiltasuna. Lehen aldiz etortzen direnek gehienetan errepikatzen dute.
Ematen du berriro modan daudela beldurrezko filmak eta telesailak, ez bakarrik nostalgiagatik, Z belaunaldikoek ere gustuko dituzte pailazo eta panpin hiltzaileak. Agian, oraindik itxaropenik badago beldurraz gozatzeko areto batean, lagunartean. Hori bai, tarteka smartphone telefonoa gure ikarak argituz.