Agenda
Duela urtebete edo, Donostiako PPko buru Borja Corominasek hautsak harrotu zituen Madrilgo alkate Almeidari Realeko kamiseta oparitu eta «bi zalego senidetu» ginela esatean. Argazkia oinarria mugikortasunari buruzko bilera batek ahalbidetu zuen. Ordutik, are grina handiagoz ari da bertako PP auto eta motorren aldeko guda santuan.
Hartara, hainbat ekimen aurkeztu dituzte udalbatzara. Besteak beste, Realaren norgehiagoketan Anoeta eta Atano artean berriz ere motoak jartzea. Mugikortasun ikuspegia alboratuta ere, milaka lagun oinez ateratzen diren (g)unean, oinarrizko segurtasun eta erosotasuna kaltetzea proposatzen zuten. Oro har, mozio andana hau beti oinezkoen, bizikleta eta garraio publikoaren erabiltzaileen aurka doa.
Mozio horien aurrean, deigarria da ezkerreko oposizioak (EH Bildu eta Elkarrekin-Ahal Dugu-k) hainbat puntutan baiezkoak edo abstentzioak oparitu izana eskuinari. Batzuetan diskurtsoan halako distantziamendu bat eginda, bestetan erabateko isiltasunarekin. Baina bozka ugaritan bai edo abstentzioa. Adibidez, motoak Anoeta eta Atano artean jartzean bi ezker indarrak abstenitu egin ziren.
Biek ala biek manifestazioetan eta herri ekimenetan eskarmentua izanda, pentsatzekoa da ez zaiela oso normala iruditzen milaka lagun oinez ari diren (g)unean motoak ibiltzea. Esango dute, jakin bazekitela mozioa ez zela onartuko, EAJren bozkekin nahikoa zela. Hala izanda ere, zergatik abstenitu ez buru ez hanka ez duen kontu batean? Zergatik eman hauspoa eroari?
Are larriago, Atano parean motoak jartzea ez zen onartu. Bai, ordea, ezkerrekoen aldeko botoekin, gaur egun Ilunben aparkatzen duten motoentzat beste tokia bilatzea. Kontuan eduki, EAJk legealdi hauetan galdu duen mozio bakarretakoa izan dela. Hiri honetan, Udalbatzak gobernuari bere borondatearen aurkako zerbait eginarazi dion gauza bakarretakoa: Realaren partidetarako moto kokapen berria bilatzea.
Horri esker, gaiak komunikabideetan jarraitu du, RACV-ek bereak botatzeko tribuna izan du, eta mugikortasun teknikariek orduak galduko dituzte horretan. Beste lan hoberik ez balego bezala.
Azken legealdietan, ohikoegia da udal oposizioan dauden alderdiek begi onez ikustea oposizioko beste alderdien ia edozein mozio. «Nire oinarrizko printzipoen aurka ez badoa eta gobernuari begian hatza sartzeko balio badu…aurrera!». Baina kontuan izan behar da, gobernua zirikatzeaz haratago, besteen agenda zenbat eta presenteago egon, orduan eta gutxiago hitz egingo dela norberarenaz.