Aion, ez joan urrutira
Badut gertuko lagun bat besarkadak ematen abilezia handia duena. Gorputza gerturatu aurretik, begirada leunarekin ematen dio hasiera sinbiosiari. Ondoren, beso bat sorbaldaren gainetik, bestea bizkarra inguratuz, azpitik.
X horretan gerriak pegatu, kokotxak kanpoaldera kokatu eta klak, gorputzak ahokatu egiten dira besarkada estuan. Baina ez da hor amaitzen. Arnasketak ere bere lekua aurkitzen du: sabela airez bete eta hustu, motel, oxigenoa kanporatuz, elkarrekin.
Eta orduan, Aion.
Aion denbora infinitua adierazten duen kontzeptu grekoa da: iraupen mugagabea, betierekotasuna, denboraren beste dimentsio bat.
Bestearen azala zurea den edo zurea bestearena, bereizten jakin ezinean; zure gorputzaren mugak eta parekoarenak une batez lausotzen direnean; zure nortasunaren pertzepzioa bigarren plano batera igarotzen denean eta bestearen besoetan kontrola pixka bat galtzen duzunean, betierekotasun hori agertzen da. Orduan, denbora ere moldatu egiten da, eta Kronos —neurtzen, ordenatzen eta mugatzen duen denbora— Aion bilakatzen da.
«Noizbait norbaitek eutsi al du zure gorputzaren pisua, grabitatea galtzen zenuenean? Hori bai Aion…»
Donostian, badira besarkada horren irudi diren hainbat eskultura. Loretopean, esaterako, Eduardo Txillidaren Besarkada dago, Rafael Ruiz Balerdi bere lagun pintoreari eskainia. Altzairuzko bi elementuk elkar besarkatzen dute, itsasoari begira.
Badirudi Txillidak ez zuela behin soilik pentsatu besarkadari buruz. Txillida Lekuko parkean ere badago Besarkada XIV, 1997koa: altzairuzko hiru piezak elkar inguratzen dute, lagunen arteko besarkada baten moduan.
Gintonic–aren lehenengo tragoaren eta seigarrenaren artean, komentatu izan dugu lagunek bizitza salbatzen digutela. «Eskerrak lagunei», esaten dugu. Esaldi arrunta da, ia automatikoa. Baina, agian, badago hor zerbait gehiago: lagun eder baten besarkada batek ez du denbora geldiarazten, baina tarte batez eutsi egiten zaitu. Noizbait norbaitek eutsi al du zure gorputzaren pisua, grabitatea galtzen zenuenean? Hori bai Aion…
Agian, horixe da besarkada baten politika txikia: fusioaren eta separazioaren arteko mugak etengabe negoziatzea, gorputzez zein hitzez. Eta besarkada horretan, denborak ere amore ematen du. Une batez behintzat, ez dago lehenagorik eta ez dago geroagorik. Aion, ez joan urrutira.

