Aita Marik burua altxatuko balu
Urriak udazkena dakar, eta zuhaitzak hezur hutsetan geratu aurretik, hostoen kolore zoramenaz gozatzeko aukera izaten dute traineruko arraunlariek, azken opor egunetan. Itsasoak eta badiak patroien oihuak entzun gabe badaude ere, aulki mugikorreko lemazainen oihuak eta arraunlarien karro hotsak Donostiako Urumea ibaiaren melodia bihurtzen dira. Hau ere arrauna da.
Pasa den larunbatean, Donostiako eskoletako 135 haurrek probatzeko aukera izan zuten Lugañenea zaharrean. Sirimiriak B plana martxan jartzera behartu gintuen, baina, arazorik gabe, arraunlari berriek ergometroetan beren abilezia neurtu, fosoan arraunean egin eta elkarrekin gozatu zuten. Eromen zoragarria!
Donostia Kirolarekin eta Eskola Kirolako koordinatzailearekin elkarlanean, azaroaren 7an izango dugu bigarren saioa. Agian, gaur gorritutako esku horiek, egunen batean, beraiek irabazitako Kontxako Bandera astinduko dute; eta orduan izango dira beraiek belaunaldi berriei erakutsiko dietenak zergatik kateatzen gaituen arraunak hainbeste. Ederra izan da pantailarik eta gailurik gabe, elkarri entzunez eta larunbat goizari etekina atera izanaren pozarekin klubetik ateratzea.
Bizitza arraun egitea bezala da. Bizkarrez goaz, datorrena igaro ondoren baino ikusten ez dugula, talkarik ez egiteko norabidea zaindu behar dugu, elkarri entzun eta batera arraun egin. Ederra da uzten dugun arrastoari begiratu, eta aurrera goazela ohartzea!
«Burua altxatuko balu, zer esango liguke? Agian, elkarri lagunduz arraun egiten jarraitzeko aukera izatea dela benetako garaipena»
Uztailaren 25ean, ordea, zailagoa izan zen norabidea adostea. Donostian, Ligako estropada jokatzekoa zen. Denboralea iragarrita zegoen, eta aurreikusitako eguraldi hobekuntza ez zen garaiz iritsi. Jokatzeko baldintzak aztertu ondoren, sei klubek beren tripulazioak ez uretaratzea erabaki genuen, arraunlarien segurtasuna lehenetsiz.
Aita Mari kaiko arrapalan, paseoan eta bere oroigarriaren azpian egindako bilera inprobisatuen lekuko izan zen. Baita traineruak trabatik kentzeko erabakiarena ere. Bilera haiek eta ondorengo adierazpenak diziplina espedientearen oinarri bihurtu dira. Espedientea ez dugu onartu, eta arbitraje bidera jo dugu. Zaila egiten zait ulertzea arraunlarien segurtasuna lehenestea eta egoera baten aurrean elkarrekin hitz egitea zigorgarri bihur daitezkeenik, Ligaren irudiari kalte egin zaiola argudiatuta. Zer transmitituko diegu arraunaren mundura lehen aldiz hurbiltzen diren 135 haur horiei? Arrauna irabaztea soilik dela, ala elkar zaintzea ere badela?
Getariako Emeteriok esaten duen moduan, berrogei urteko arrantzale ibilbidean izan duen arrantzarik onena tripulazio osoa marea bakoitzean etxera ekartzea izan da. Berrogei urte horietan, zenbat arrain eta zenbat itsasaldi! Baina, guztien gainetik, tripulazioa etxera ekartzea. Bejondeizula, Emeterio!
Urriaren 31n, denboraldian irabazitako ikurrinak eta banderak bedeinkatuko ditugu kaiko San Pedro elizan, 12:30ean. Lehenago, Kaiarribatik abiatuko gara, eta Aita Mariri 2026an irabazitako Kontxako Bandera dantzatuko diogu, lore sorta bat eskaini ondoren, denboraldia ezbeharrik gabe amaitu dugula eskertzeko. Ondoren, Donostiako kaleetan barrena ibiliko gara, Martinek Gaztelubiden bazkaria prestatzen digun bitartean.
Donostiako kaian dago Aita Mariren oroigarria, eta zumaiarra izanik, lepoan zapi gorria jarrita izaten du. Burua altxatuko balu, zer esango liguke? Agian, bizitza tripulazio osoarekin ospatzea, belaunaldi berriei arrauna transmititzea eta elkarri lagunduz arraun egiten jarraitzeko aukera izatea dela benetako garaipena.

