'Albiste da oraindik'
Hamaika ordu iraun zuen asteazkeneko udalbatzarrak, Juan Karlos Izagirre alkateak gauerdia aldean bertan behera uztea erabaki zuen arte, greba eguna zela eta. Ohikoa denez, ika-mikak ez ziren falta izan udal taldeen artean, maiatzeko saioan ere. Bosgarren edukiontzia, Donostialdeko Metroa, tranbia, luiziak… eguneroko ogi bilakatu diren gaiak jorratu zituzten berriro. Ezer berririk ez eguzkipean –euripean, hobe esanda–, esaerak esango lukeen moduan.
Eztabaida guztien gainetik, baina, pasarte batek bereganatu zuen nire arreta, ez ohikoa izateagatik. PPko ordezkari Ramon Gomezek, Jose Luis Arruek eta Iñigo Arkauzek euskaraz hitz egin zuten udalbatzarraren zenbait unetan; PPko bozeramailearen kasuan, «oso ondo» gainera, alkateak berak aitortu eta zorionduta.
Esan beharrekoa irakurrita esan zuten PPko zinegotziek, baina euskaraz, azken batean. Euren eserlekuetatik pasa diren alderdikideek inoiz egin ez zutena egin dute horrela. Ezagutzen ez dugun interes politikoren batek bultzatuta agian, edo eurek hala erabakita, beste asmorik gabe, baina euskaraz egin dute; urratsa eman dute, alegia.
Denbora gehiegi kostatu zaiela esango dute han, inoiz ez dela berandu erantzungo dute hemen. Iritziak iritzi, espero dezagun asteazkenekoa egun bakarreko burutapen batean ez geratzea. Ea horrela, egunen batean, euskaraz hitz egite hutsak albiste izateari uzten dion. Hizkuntzaren normalizazioaren bidean berri bikaina litzateke hori, zalantzarik gabe.


