Alkate berriak zezenketen Illunbe zaharrari lotuta jarraitzen du
Donostiako alkate Jon Insaustik Illunbe Berriaren inguruko lehiaketaren proiektu irabazlea aurkeztu du, eta, espero moduan, proiektu horrek egungo instalazioak zeharo zaharberritzea proposatzen du. Zeharo-zeharo? Ez, aldatuko ez den bakarra zezen plazaren erabilera izango da.
Aurkezpenean, Jon Insausti alkateak zezenketak espresuki aipatzeari iskin egin dio. Lotsagatik edo irudi kontuagatik, azken batean, gauza bera baitira. Baina zezen plaza hortxe dago. Izan ere, «aro berri baterantz» eramango omen gaituen proiektu edo espaziontzi horretan bidaiari xelebre bat doa.
«Insaustik, zezenketen inguruan donostiarroi zor zaigun galdeketa bultzatuta, urrezko aukera du erakusteko ‘Donostiarra 2040. Topera’ ekimen serioa dela»
Gauzak horrela, berriro ere agerian geratu da ez dela egia Goiak azken urteotan behin eta berriz errepikatu duen leloa, alegia, udalak ez duela zezenketekin zerikusirik, eta ekimen pribatua baino ez direla. Donostian, zezenketak egiten jarraituko dute, soil-soilik, udalak Illunbe, oraingoa edo gerokoa, antolatzaileen esku uzten duen neurrian. Eta Insaustiren udal gobernuak Donostian zezenketak egiten jarraitzeko aukera berriz ere diru publikoz finantzatzea nahi du.
Kasualitatez (edo ez), bateratsu aurkeztu dira Illunbe Berriaren proiektua eta Donostiarra 2040. Topera. Ekimen hori «Donostiaren etorkizunari buruzko elkarrizketa kolektibo» gisa definitu du Insaustik. Gauzak garbi: orain dela hamar urte, donostiarrok, une hartan indarrean zegoen Parte Hartze Araudia zorrotz beteta, zezenketei buruz galdetuak izateko eskubidea irabazi genuen. PPren gobernuak herri galdeketa hura debekatu egin zuen, baina Goiak debeku hura gogor salatu eta «beste bide batzuk» aztertuko zituela iragarri zuen. Eta bide horiek izan, badira. Goiak, baina, alde egin du, emandako hitza janda. Antza denez, Insaustik bide beretik jarraituko du, nahiz eta «elkarrizketa kolektibo handi» horren aurkezpenean esan «Donostiaren etorkizuna ezin dela diseinatu bertan bizi garenon begiradarik gabe» eta antzeko hamaika gauza eder. Bada, hitzak ez, ekintzak behar dira. Insaustik, zezenketen inguruan donostiarroi zor zaigun galdeketa bultzatuta, urrezko aukera du erakusteko Donostiarra 2040. Topera ekimen serioa dela, eta ez 2027ko hauteskundeei begirako kanpainaurre luzearen osagai hutsa.

