Alkate berriak zezenketen Illunbe zaharrari lotuta jarraitzen du
Donostiako alkate Jon Insaustik Illunbe Berriaren inguruko lehiaketaren proiektu irabazlea aurkeztu du, eta, espero moduan, proiektu horrek egungo instalazioak eta espazioak zeharo zaharberritzea proposatzen du. Baina “zeharo” esan dugu. Egia ote? Ez guztiz. Izan ere, Illunbe Berrian aldatuko ez den bakarra zezen plazaren erabilera izango da.
Proiektu lehiaketa aurkeztu zuenean, aurreko alkateak, Eneko Goiak, Illunbe Berriak zezenketak ahalbidetzen jarraituko zuela espresuki iragarri zuen, konplexuak gainetik uxatu nahi balitu bezala, gaiaren inguruko herri galdeketa egiteko eman zuen hitza behin betiko jan ondoren. Proiektu irabazlearen aurkezpenean, berriz, oraingo alkate Jon Insaustik Illunbe Berrian kirol jarduerak, kultura ikuskizunak, kontzertuak, azokak eta beste egingo direla esan du. Baina zezenketak espresuki aipatzeari iskin egin dio. Lotsagatik edo irudi kontuagatik, azken batean, gauza bera baitira. Izan ere, nola ez den lotsatuko bera bezalako gazte donostiar bat, etorkizuna bolo-bolo saltzen dabilena, zezenketen bultzatzaile gisa agertuta?
Baina Insaustik aipatu ez badu ere, zezen plaza hortxe dago, Illunbe Berrian. Zeren eta “aro berri baterantz, etorkizunerantz” eramango omen gaituen proiektu/espazio-ontzi gisa aurkeztu diguten horretan bidaiari xelebre bat baitoa. Eta ez polizoi moduan, lehen mailako txartelarekin baizik. Izan ere, ondotxo dakigun bezala, zezen plazari eustea ezinbesteko baldintza zen Illunbeko lehiaketan.
Gauzak horrela, berriro ere agerian geratu da ez dela egia Goiak azken urteotan behin eta berriz errepikatu duen leloa, alegia, udalak ez duela zezenketekin zerikusirik, eta ekimen pribatua baino ez direla. Donostian zezenketak egiten jarraituko dute soil-soilik udalak Illunbe, oraingoa edo gerokoa, antolatzaileen esku uzten duen neurrian. Hori bai, hemendik aurrera ezingo da esan, orain arte bezala, Donostiak zezen plaza duela amarru urbanistiko historikoen ondorioz, baizik eta udal gobernuak berariaz hala erabaki duelako. Donostiarrok urte hauetan guztietan zezen plaza urre prezioan ordaindu dugu, eta hemendik aurrera ere hala izaten jarraituko du, udal gobernuak, ez Goienarenak, Insaustirenak baizik, Donostian zezenketak egiten jarraitzeko aukera berriz ere diru publikoz finantzatzea erabaki duelako.
Kasualitatez (edo ez), bateratsu aurkeztu dira Illunbe Berriaren proiektua eta Donostiarra 2040. Topera, Insaustik “herritarra erdigunean duen Donostiako etorkizunari buruzko elkarrizketa kolektibo” gisa definitu duen ekimen hori. Gauzak garbi: orain dela hamar urte, donostiarrok, une hartan indarrean zegoen parte hartze araudia zorrotz beteta, galdetuak izateko eskubidea irabazi genuen, ea udalak zezenketak egiteko instalazioak uzten jarraitu behar ote zuen. PPren gobernuak herri galdeketa hura debekatu egin zuen, baina Goiak debeku hura gogor salatu eta “beste bide batzuk” aztertuko zituela iragarri zuen, “herritarrek gai honi buruz duten iritzia adierazteko aukera izan dezaten”. Eta bide horiek izan, badira. Baina Goiak alde egin du emandako hitza janda, ikusi dugun moduan. Eta antza denez, Insaustik bide beretik jarraituko du, nahiz eta “elkarrizketa kolektibo handi” horren aurkezpenean esan “Donostiarren etorkizuna ezin dela diseinatu bertan bizi garenon begiradarik gabe” eta antzeko hamaika gauza eder. Bada, hitzak ez, ekintzak behar dira. Insaustik, zezenketen inguruan donostiarroi zor zaigun galdeketa bultzatuta, urrezko aukera du erakusteko Donostiarra 2040. Topera ekimen serioa dela, eta ez 2027ko hauteskundeei begirako aurreko kanpaina luzearen osagai hutsa.
Momentuz, gauza bakarra esan dezakegu: oraingo alkateak, aurrekoak bezala, donostiarron iritziari entzungor egiten jarraitzen du. Illunbe Berria eta zezen plaza zaharra?

