(Argazkia: Batix Ezeiza)
Udaberrian eta udazkenean sortzen diren garai bitxi horietako batean gaude bete-betean sartuta. Hondartzetan estilo, janzkera eta asmo desberdin gehien topa daitezkeen garaia da: mendiko bota, galtzerdi lodi eta txamarrarekin jantzita pasiatzen dabiltzan bikoteak; bainujantzi hutsetan baloi batekin jolasean dabiltzan kuadrilak; etxeko arroparekin jantzita zakurrarekin urertzetik buelta bat ematera atera direnak; traste piloa hondarretan utzi, bertan etzan eta siesta egiten ari diren motxileroak; eta noski, olatuekin jolasean aritzeko hotzik sentitzen ez duten haurrak.