Amaia Portugal: 'Irensgarria, jasanezina'
Garapen jasangarria edo iraunkorra? Gaur egun erabat arrunta zaigu kontzeptua, baina gure artean oraindik errotu gabe zegoenean, debate interesgarria piztu zen, euskaraz nola izan behar zuen. Elhuyarrek jasangarri hobetsi zuen, baina askok jarraitzen dute iraunkor hitzaren aldeko hautua egiten.
Ez naiz nor eztabaida horretan sartzeko, baina oraingoz jasangarri erabiltzen jarraituko dudala uste dut. Iraunkor baino hitz itsusiagoa iruditzen zait, errealitatea gordinago islatzen duena. Garapen jasangarriaz ari garenean, horretaz ari baikara: planetak zenbateraino jasan dezakeen gure kutsadura. Zenbateraino tenka dezakegun soka, erabat hautsi gabe.
Hiriko botere faktikoek turismo jasangarria aipatzen duten aldioro, soka hauskor hori dut buruan. Baina noan kontatu nahi nuen pasartera. Aste Nagusi betean, lanetik bueltan, autoarekin Erdialdean sartzea okurritu zitzaidan. Pentsatu nuen asteazken buruzuria zela nahiz eta Aste Nagusia izan, eta eguerdiko ordubata oraindik, eta enkargu bat egiteko zela, sartu-irten azkar bat… Pentsatu nuen, bai. Ordu erdi luze trafikoan harrapatuta egon ondoren, eta aparkaleku guztiak beteta zeudela ikusita, esku hutsik itzuli nintzen etxera.
Donostiako botere faktikoek hau jasangarria dela badiote, izango da donostiarrok kolektibo moduan hori eta gehiago jasateko ahalmena daukagula erakutsi dugulako. Turismo irensgarria deitu beharko liokete, agian. Dena dela, inork turismofoboa izatea leporatu aurretik, kritika merkeaz gain proposamen bat ere utziko dut hemen. Agian donostiarrontzat jasangarria baita, baina ez dakit gure planeta zenbateraino dagoen trafiko hori guztia irensten jarraitzeko prest.
Azken urteotan inoiz Baionan egon den edonork ikusiko zuen hortik zehar dabilen minibus elektrikoa: turistak garraiatzen ditu, hiriaren kanpoaldean propio prestatuta dauden aparkalekuetatik erdigunera. Doan. Bai, bai, debalde. Ez da ideia txarra, ezta?
Bai, badakit Donostian ere badaudela aldirietako (sic) aparkalekuak. Udal webgunean irakurri dut. Bertan jartzen duenez, turistek autoa uzteko toki aproposak dira Miramon (asteburutan bakarrik), Garbera (igandetan bakarrik), Ilunbe… Hori bai, GPSa, irratia eta ahal duzun guztia zurekin eraman badaezpada, arautu gabeko aparkalekuak direla ere garbi baitio. Ah, eta doako minibusaren ordez, ordainpeko Dbusa hartu, aplikazioa jaitsi eta ordutegia ondo begiratu ondoren. Zorte ona opa diot igandean autoa Garberan utzi eta Parte Zaharrera joan-etorria egin nahi duen turistari.
Baiona, hain gertu eta hain urrun…