
Unibertsitatean geundela kontatu zidaten: gure ikaskide batek bota omen zuen nahiago zuela Bilbo Donostia baino, Bilbon eskaleak zeudelako. Horrek puntu jatorragoa, edo egiazkoagoa, emango balio bezala. Fribolitate galanta iruditu zitzaidan, baina hemezortzi urterekin esaten ditugun guztiak epaitzen hasiko bagina… Zer pentsa ere eman zidan, eta horregatik ekarri dut hona.
Konturatu nintzen zenbateraino dagoen hedatuta Donostia idilikoaren irudia, eta zeinen interes txikia dagoen hura benetan ezagutzeko, topiko erosoez harago. Izan ere, donostiarrok ondo baino hobeto dakigu hemen ere badaudela eskaleak, tamalez. Gure hiriak jantzi grisa jartzen duela maizago (27 ordu filmarekin gogoratu naiz), Zinemaldiko soineko distiratsua baino.
Hori jakiteko ondo ezagutu behar da, ordea. Eta ezagutu behar dira postaletan agertzen ez diren lekuak. Eta eskaleez ari garela, Egiako pasabidea. Atondu zutenetik, ezin ukatu askoz ere itxura hobea duela, baina zuriz margotuta ere, puntu beltzak hor segitzen du. Barka, ez ginen horri buruz ari, baina #esanbeharnuen. Kontua da egunero pare bat aldiz igarotzen dudala pasabidea, eta metro gutxi badira ere, hor ikusten ditudan eskaleen inguruan asko hausnartzen dut.
«Hauek ez ditu Gascok Instagramen ateratzen», pentsatzen dut batzuetan. Edo, «hauek ere gasteiztarrak, baina Aperribaik ez die lanik eskaini, zergatik ote». Hain zuzen ere, gasteiztarra, edo alaves, edo euskaldun, dioten eskaleen kartelei erreparatzen diet beste askotan. Zergatik egiten duten zehaztapen hori, eta diru gehiago ematen ote dieten horregatik (baiezkoan nago). Gitarra jotzen duen gizon bibotedun irribarretsuak ere ematen dit zer pentsa. Zergatik dirudi ni baino alaiagoa, esku hutsik dagoen pertsonak?
Horrekin guztiarekin nahikoa ez, eta beste elementu bat dago pasabidean orain: Mundu Bat erakundearen argazki erakusketa, Palestina okupatuaren inguruan. Horietan agertzen diren pasabideak bestelakoak dira, Israelgo soldaduek armaz zainduak. Argazki bakoitzak izenburu bana dauka: oroimenik gabe, errespeturik gabe, lanik gabe, ahotsik gabe… Argazkiok, behintzat, ez dituzte utzi lekurik gabe, denborarik gabe, giltzapetuta. Barka, hori ere #esanbeharnuen.
Pasatzeko bidea da, ez besterik. Baina badu zerbait. Ziur bainaiz badirela museoetan, argazki sorta horrek baino begirada gutxiago hartzen dituzten erakusketak. Badirela, Donostiako kaleetan, hemengoak baino gutxiago ikusten ditugun eskaleak. Horma zuri eta estuen efektua izango da, agian. Denbora ez atzera ez aurrera geratzen den tunel batetik igarotzen ari garela dirudi.