'Ametsak'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Larunbat gauean Bernabeuko pelikularen gidoia amestu nuen. Ederra benetan! Gero, esnatzean, ohartu nintzen oso zaila izango zela gidoi hura egia bihurtzea. Gure aurrekontua hain da txikia eta beraiena hain da handia… Nire gidoiak bi premisa zituen oinarrian: hasteko gure aurrelariek oso gaizki jokatu behar zuten. Bai, badakit arraroa dela baina Bernabeun jokatzea mundu osoaren aurrean jokatzea da, eta etorkizuna babeste aldera komenigarria zen Griezmanni, Xabi Prietori eta, batez ere, Zurutuzari gauzak oso gaiki ateratzea. Bigarren premisa atzealdean zegoen. Izan ere, atzelariek bikain jokatu behar zuten. Eta gauzak horrela, nire gidoian Cristianok, Kakak, eta enparauek aukerak sortu, sortzen zituzten, bata bestearen atzetik, baina baloia ez zen inoiz gure sareetara iristen. Eta azken minutuan, Realaren aldeko korner bat, Ansotegik buruz errematea, baloiak langara, eta Casillasen bizkarrean jo ostean atean sartu da… goool Izugarri polita, ez al duzue uste? Haatik, igandean errealitatea zeharo bestelakoa izan zen. Pelikula hau jada ikusi duzu eta amaiera ez duzu gustuko. Eta Bernabeura ametsetako Reala beharrean benetakoa zelairatzen da. Eta betikoa gertatzen da. Eta amorrua sentitzen duzu. Azken batean, Realak txukun antzean jokatu baitu Madril guzti ahaldunaren etxean. Madrilen golak min egin dio Realari, baina Tamudok atezainaren oparia baliatu du berdinketa lortzeko. Eta gero Labakaren golak iritsi dira, lehenengoa etxekoen atean, eta bigarrena Bravorenean, bai zorte txarra! Baina eutsi egin diogu zurien erasoaldiari, baita epaileak Rivas kanporatu duenean ere. Eta orduan, betikoa. Bi minutu baino ez amaitzeko. Juanitok, zeinak atzelariari falta garbia egin dion, Santillanari eman dio baloia eta honek, jokoz kanpoko posizioan, baloia barrura bidali du. Bai, betikoa. Hau amorrua! Eta, hala ere, harro zaude, jokalariek ahal zuten guztia egin baitute. Arbitro alu horrengatik izan ez balitz…! Nola? Hau ere ametsa dela? Baliteke, bai… baina ez esan ederra ez denik…

