'Hamalau gau': Kafezaleentzako kafea
'Hamalau gau' filmaren fotograma.Hamalau gau Zabaltegi Tabakalera
Filma: Hamalau Gau
Zuzendaria: Oskar Alegria
Kafea kafezaleentzat. Horixe pelikula hau. Planteamenduak jada apustua dirudi: zuzendariak hamalau eszenario, ideia, sekuentzia, kontatzen dizkio Iñar Sartre piano joleari, azken honek, filmaren irudiak ikusi gabe ere, teklen bidez irudikatzeko helburuarekin. Hamalau sekuentzia/gau dira. Zergatik hamalau? Ba Oteizak bere apostoluekin esan moduan: “Gehiago ez zaizkidalako kabitzen!”.
Oteizaren eta Arantzazuko Amaren santutegiaren harremanetik abiatutako gogoeta poetikoak dira. Formalki arriskatuak bai, baina gogoa jarri ezkero inspiratzaileak oso. “Beti gaua den” santutegian, Oteizaren ñabardura, historia eta istorio berriak jasoko ditugu, organoaren soinu errepikaezinarekin nahasturik –Itzela amaierako keinua: “Jo ezazu berriro, Sam”–. Irudi eder askorekin ere apainduta dago; artean, leihora gerturatzen den hontz zuria.
Ramon Andres, Mixel Etxekopar, Amorante, Bernardo Atxaga, Esther Ferrer, Julia Otxoa… Euskal Herriko artista askori esker agertzen zaizkigu bestelako gogoeta oteizarrak. Batzuk pertinenteagoak. Beste batzuk, akaso ausazkoegiak. Baina hamalau dira, bakoitzari interesatuko zaio bat gehiago bestea baino. Horra ariketaren mamia.
Uztaritzen topaturiko duela 20.000 urteko xirularekin koba horietan kontzertutxoa aditu ahal izatea, kafezaleontzat behienik behin, opari galanta da. Kostatu egiten zaigu duela 20.000 urteko Euskal Herria irudikatzea, eta hara non, haien musika entzun dezakegula. Aldatuko dira garaiak bai, baina musikak berdin alaitzen du eta tristeagotzen du gizakion bihotza, mendez mende eta mendiz mendi.
Arantzazuri buruzko dokumental eder bat ere bada, hala ikusi nahi duenarentzat. Oroitzen dut EHUko filosofiako eta estetikako irakasle Cristina Lasak, Kanten sublimea esplikatzeko, azaltzen zuen nola bere lagun japoniar bat eraman zuen Arantzazuko basilika ikustera eta gure kulturaz, gure tradizioez eta gure historiaz ezer jakin gabe ere, edertasunak itota, mutu geratu zen. Aho irekiz geratze hori, azaldu ezinezko hori litzateke sublimea. Ze begiekin ikusten den, horra hor edertasunaren sekretua.
Horregatik, dibertigarri eta probokatzailea den pieza honek, zirrikitu ugari izango ditu kafezale mota desberdinentzat. Kafea ere askotarikoa izan daitekeelako.

