Ander Edo: 'Ile hartze prozesuak'
Lagun batek esaten du Loiolan egunkariak oparitu beharko lituzkeela udalak. Izan ere, udalaren bidez baino gehiago, hauengatik izaten dugu gure auzoko kontuen berri azkenaldian. Hauen bidez jakin dugu orain dela gutxi udalak ez duela egingo Loiolako zeharbidean aurreikusia zuen parkinga.
2016an buruturiko parte hartze prozesu baten azken saioan Eneko Goia eta Ernesto Gasco izan genituen honen emaitzak aurkezten. Bertan azaldu zuten Loiola zeharbidean lur azpiko hainbat aparkaleku egiteko asmoa. Aurretik topoko lanen esperientzia txarra fresko zegoen oraindik, eta hainbat bizilagunek galdetu zuten ea udalak lan hori aurrera eramateko konpromisoa hartuko zuen. Baiezko biribila izan zen erantzuna. Beste batzuentzat deigarria izan zen hauteskunde orokor batzuen bezperan nor eta alkatea (eta alkateordea) gurera etortzea, zer eta proiektu eder bat aurkeztera gainera. Are deigarriagoa, parte hartze prozesu horretako bileretara azaldu ez zirenean. Agerraldi horren benetako asmoa zalantzan jartzerakoan alkateak erantzun zuen Loiolatarrak “nahikoa inteligenteak zirela euren bozkaren zentzua ez aldatzeko aurkezpen soil batengatik”. Eta horretan arrazoi zuen Goia jaunak, loiolatarrak oso inteligenteak gara, eta badakigu oso ongi bereizten parte hartze eta ile hartze prozesu baten artean.