
Aita-semeak elkarren ondoan eserita daude, orduan inongo azalpenik gabe aitak kokoteko bat ematen dio semeari. Semeak haserre galdetzen dio ea zergatik jo duen, ez duela ezer egin. Orduan aitak honakoa esaten dio: «Ez da egin duzunagatik, egingo duzunagatik baizik».
Injustizia bat izateaz gain zentzugabekeria bat da kontakizun honetan gertatzen dena. Baina askotan heziketa kontuetan jokabide hau izaten dugu ia konturatu gabe. Legeen munduan errugabetasun printzipioaz hitz egiten dugun bitartean gazteekin maiz erruduntasun printzipioa erabiltzen dugu. Zer esanik ez, gazte hauek nerabeak badira.
Gabon hauetan 12 eta 16 urte bitarteko gazte talde batekin Donostiako zentrora gerturatu nintzen. Egun euritsua zen eta autobusa hartzea erabaki genuen. Nola ez, autobusa nahiko betea zetorren, eta esertzeko toki batzuk bazeuden ere, zutik joatea erabaki genuen. Ibilbidearen erdira iritsi ginenerako autobusa lepo zegoen eta zutik joateko ere oso toki gutxi geratzen zen. Gu bi taldetan banatu ginen, biak irteerako ateen ondoan.
Geltokietako batean gidariak barruko atzerako ispilutik begiratu eta ozen hitz egin zuen autobusean ginen guztiontzat (baina bereziki irteerako ate ondoan ziren gazteentzat): «Eh! Kontuz ibili! Pasatzeko lekua utzi behar duzue ateetan!». Gidaria haserre eta ni, ibilbide osoan zehar gazte hauen portaera behatzen ari nintzela, txundituta. Orduan berdina errepikatu zuen gidariak haserre plantak eginez. Zorionez ni ez nintzen izan egoeraz jabetu zen bakarra, eta bigarren honetan gizon heldu batek erantzun zion: «Lasai gizona! Dena kontrolpean dago hemen!». Gizon hau gazteen ondoan zegoen, eta hauen jarrera ikusteko aukera izan zuen.
Autobusa bete zen unetik jendeari pasatzeko lekua egiten aritu ziren eta behar zuenari eskua luzatu zioten autobusetik jaisteko. Ulertzen dut autobus gidariaren urduritasuna, izan ere ezagutzen ditut batzuk eta badakit haien lana maiz zaila izaten zena. Dena den, uste dut kasu honetan nerabeen gainean dagoen erruduntasun printzipioa aplikatu zuela gidariak. Nerabe izate hutsagatik bidaiarien mugikortasun arazoen errudun izan ziren gazte hauek.
Memoria oso ahula dugu eta urteak aurrera joan ahala ahazten dugu gu ere izan ginela ume, nerabe, gazte… Autobusean ez nuen erantzuteko erreflexurik izan, horregatik lerro hauen bidez bada ere nerabeen aldeko manifestu txiki bat egin nahi izan dut, ni ere nerabe izan nintzelako.gazte… Autobusean ez nuen erantzuteko erreflexurik izan, horregatik lerro hauen bidez bada ere nerabeen aldeko manifestu txiki bat egin nahi izan dut, ni ere nerabe izan nintzelako.