'Arazo bat dute'
Aritz Sorzabal, kazetaria
Dominak euren lepoan zintzilik edukitzea gustuko ohi dute politikariek, lotsarik gabe, inongo merezimendurik gabe askotan. Aurtengo Londresko Olinpiar Jokoetako kirolariekin inbidiaz edo, aurten ere lore gehiegi bota dizkio bere buruari batek baino gehiagok. Ez dut izenik emango, urtea lasai bukatze aldera.
Politikariei, baina, euren zilbor esteari begira egotea baino, herritarrei so egitea egokitzen zaie, dominak banatzeko orduan ere. Eta hala egin dute aste honetan Donostian, Hiritar Merezimenduaren Dominarekin saritutako donostiarren izenak jakinarazi baitituzte, eta udalbatzarrean berretsi.
Jaime Caballero igerilaria, Txotxongillo taldea, Luisa Etxenike idazlea, Donostia Ospitaleko Neonatologia unitatea eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izan dira aukeratuak.
Eta azken honekin sortu da desadostasuna, idazle antiguatarraren bizitzan ohikoa izan zen moduan, bere aldeko izendapen bat mahai gainean jartzen zuten bakoitzean. Hain zuzen ere, bere ideologia politikoak oztopatu zion bere garaian euskaltzain oso gisa izendatua izatea. Hala ere, azkenean, bere hautagaitza proposatu zuen Euskaltzaindiak, baina berak uko egin zion izendapenari.
Urteak pasa dira, baina zenbait jarrera ez dira aldatu. Hiritar Merezimenduaren Domina Txillardegiri emateko ere ez dira denak ados egon, orduan bezalaxe. PPk ez dio proposamenari babesik eman, duela hiru hamarkada baino gehiago Euskaltzaindiak baliatutako argudio berdinekin; arrazoi politikoak, alegia.
Txillardegiren ideologia politikoari buruz luze hitz egin daiteke, baina antiguatarra ez zen bakarrik ETAko sortzailea izan. Euskarari eta literaturari egin zion ekarpena hor dago, joan den urtarrilean zendu zenean utzitakoa; bere ibilbideari errepasoa egitearekin nahikoa da ikusteko Txillardegi ETAko sortzailea baino gehiago zela. Hori ikusten ez dutenek arazo bat dute, are eta gehiago konponbide garai honetan.

