Argi itsugarri bat
1936ko zoritxarreko uztail hartatik jadanik 90 urte igaro dira. Bizitzaren bidean aurrera eginak gaudenoi eztabaidagarriak diren bi kontu aipatu zizkiguten, alde batetik, gerra zibil bat izan zela, eta bestetik, 1939an bukatu zela. Nafarroan bi armadek talka egin eta borroka egin zutela esan beharko litzateke?
Ez zen gerra zibil bat, bestelako zerbait baizik, jakina. Huts egindako estatu kolpe bat izan zen, disidentzia politikoa suntsitu asmoz burutua, eta horren ondorioz, estatuaren zenbait tokitan gerra piztu zen. Gertaera honek Euskal Herrian berezko ezaugarri ugari izan zituen.
Eta ez zen 1939an bukatu, hau ere gezurra baita, mendietan eta borroka ezberdinen bidez gaurdaino iraun zuelako. 1936ko estatu kolpea eragin zuten horiek benetako botere guneetan daude, eta jende gehienarentzat, demokraziaren iruzurra nabaria da. Baina azterketa politikoa utzirik, betikoa egingo dugu, historiatik ezabatu nahi zituztenen izena aipatzea, alegia.
Eusebio Serrano Alvarez CNTko kidea zen, eta Donostian estatu kolpea bertan behera uzteko borrokari lotu zitzaion. Borrokan, faxisten balek eraila erori zen. Ez dakigu non eta nola gertatu zen zehazki, eta heriotzaren agiriak ere ez digu hau argitzen. 1936ko uztailaren 22an gertatu zen.
«Borroka ugari galdu ditugu, bai, baina ez gintuzten inoiz ere garaitu, 90 urte eta gero hementxe gaudelako. Bidea adibidearen argi itsugarria da. Faxistek argi eta garbi eduki dezatela»
Orain dela urte batzuk, ordea, bere hezurrak Polloeko hilerrian faxistek eraikitako mausoleoan daudela jakin genuen. Demokratek mausoleo honi esanahia oso ongi aldatu diote, eta hilobian, bere hezurrak bera erail zuten borreroen ondoan daude, hezur multzo batean nahasturik, beste borrokalariekin batera. Eta, gainean, ignominiaren ikur guztiz iraingarria iruditzen zaigun gurutze bat jarria dago.
Eta, urteurren honetan, irakurleari zapore mingotsa ez uztearren, Eusebioren biloba ezagutzeko aukera izan dugula aipatuko dizuegu, Pedro izena duena. Jubilatuta dagoen euskara irakasle ohia da, eta bere aitonaren izaera bera duela esan dezakegu. Eusebio historiatik ezabatzea ez dute lortu, bere sindikatua eta bere ondorengoak hortxe daudelako.
Borroka ugari galdu ditugu, bai, baina ez gintuzten inoiz ere garaitu, 90 urte eta gero hementxe gaudelako. Bidea adibidearen argi itsugarria da. Faxistek argi eta garbi eduki dezatela.

