
Piztu zuten sua, eta une horretatik bertatik ez zuten itzaltzeko modurik izan. Lehen muxuak kaleko zarata itzali zuen, postrea mahaian zain zuten bitartean. Kandelek etxea girotzen zuten, kanpoko suek gaua argitu, baina benetako sugarra hamar zentimetrora zuten, zortzi, bost, hiru… Bigarren muxuak hirugarrenari ireki zion atea, eta postrea logelan dastatzea erabaki zuten; muxuak zenbatzeari utzi zioten han, burua eta arropa galtzen zituzten bitartean.
Azala azalaren kontra, euren gorputzen berotasunak ongi etorria eman zion udarari, eta azken egunotako grina asetzeko premia sentitu zuten, astebete baitzeramaten kafe baten bueltan desioa elikatzen. Ohea hozkadaz bete zuten, bata bestea baino gozoagoa; lepoan orain, bularrean gero, ezpainetan etengabe. Bat egin zuten orduan, bustita baino bustiago, eta hasperen, dardar eta arnas ebakien erritmoan egin zuten dantza.
Gailurrera iritsi zirenean etorri zen esaldi madarikatua, eta, harekin batera, erantzuna. Ditxosozko bi hitzak harro ahoskatu zituzten, naturaltasunez, ordura arte debekatuta zituztenean. Ez zuten ihes egin, ez zuten ikara sentitu. Bistan zen San Joan gauak beldurrak uxatu zituela; suak kiskali zituen, paperean idatzi zituzten gainontzeko ohitura txarrekin batera.