Aritz Sorzabal: ‘Habemus pecuniae’
Aita santua aukeratu berri dute, aurreko alditan baino azkarrago; Jorge Mario Bergoglio artzapezpiku argentinarraren alde egin dute 115 kardinalek. Komunikabide guztiak Vatikanora begira egon dira, eta ez dute gehiegi itxaron behar izan aurpegi eta izen berria ezagutzeko –izana, aldiz, orain artekoa izango da, ez izan zalantzarik–.
Bada Donostian ere bizkor baino bizkorrago lortu dute akordioa; 2013ko aurrekontua adosteko, kasu honetan. Asteartean egingo duten ez ohiko batzarrean onartuko dute behin betiko, baina Ogasun Batzordean eman diote jada argi berdea udal taldeek. Habemus pecuniae.
Udal gobernuaren eta oposizioaren artean adostasuna izan da nagusi, bai aurrekontu proiektuaren eduki nagusian, baita aurkeztutako emendakinak kontutan hartzeko garaian ere. Fumata zuririk ez da ikusi Alderdi Ederreko zeruan, baina justifikatuta legoke, Aste Nagusiko su artifizialen antzera, erakunde baten aurrekontuaren negoziazioa horren ondo joatea albiste baita; Donostian batez ere, Bildu gobernuan dagoenetik udal gobernuaren kontra egiteko gutxi behar izaten baitu oposizioak.
Matematika kontuak «aspergarriak» izan arren, alkateak aurrekontu proiektua aurkezteko bileretan nabarmendu bezala, herritarrek eskertuko dute adostasunera iritsi izana. Izan ere, egoera ekonomiko zail honetan ezinbestekoa da indarrak batzea, are eta gehiago hiriaren etorkizunari lotutako egitasmoei dagokienean.
Hain zuzen ere, gertuko politika da herritarrei benetan interesatzen zaiena, eta ez Vatikanon gertatzen dena. Espiritu Santuak ez baitu autobus geltokia, Urumeako lanak edo etxebizitza babestuei buruz ezer erabakiko, udal ordezkariek baizik.