Aritz Sorzabal: 'Hiria versus herria'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Eguraldiak jendearen ohiturak baldintzatu ohi ditu, asteburua datorrenean bereziki. Mendira edo zinemara joan, euriaren arabera erabakitzen dute askok; parranda egiteko ere zeruari begiratu ohi da; eta kalera irtetzeko, erosketak egiteko bada ere, eguraldiak erabakitzen du noiz askotan. Badaude, ordea, zeinbat erabaki denboraleak, hotzak edo haizeak aldatu ezin dituztenak. Futbola ikustera joatea da horietako bat. Reala Reala da, are eta gehiago inoiz baino hobeto dabilenean. San Sebastian eguna edo Santo Tomas sakratuak dira ere herritar gehienentzat, euriak euri.Eta inauteriekin gauza bera gertatzen da, hilabeteak mozorroa eta karroza prestatzen ibili eta gero. Herritarrek ez dute zalantzarik; egun horietan busti behar badute busti egingo dira, bizitzaren arlo garrantzitsuenetan beste aldera begiratzen duten horiek ere. Erakundeak hor daudela eskertzen da orduan, bizi dugun garai ilun hauetan agintariek sinesgarritasuna galdu duten arren. Eta herritarrak ordezkatzen dituzten taldeak egituratuta egotea ere beharrezkoa dela agerian geratzen da, ardura bat dutelako eurekiko, eta erantzukizun horrek erabaki zentzudunena hartzera eramaten dituelako. Nire iritziz, konpartsek eta Donostia Festak erakundeak erabaki zuzena hartu zuten joan den asteburuan, inauterietako desfilea bertan behera utzita. Segurtasuna bermatze aldera hartu zuten erabakia, igandean bereziki, euria baino, haizea zelako etsaia. Herritarrak antolatuta egon izan ez balitz, uste baino lagun gehiagok ekingo zieten desfileari, ez izan zalantzarik, euren burua arriskuan jarrita ere. Inauterietako desfilea igande honetara egunez aldatzearekin, ordea, ez nago ados. Altzatarrei galdetu, bestela, donostiarrek festa egin dezaten euren jaia atzeratzeak ez baitie batere gustatu zenbaiti. Udalerri propioa izateko beste arrazoi bat dute.

