Aritz Sorzabal: 'Ivan Fernandez Anaya'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Azken uneko ezusterik egon ezean, Ivan Fernandez Anaya Zubietako hipodromoan izango da igandean, Donostiako Nazioarteko Krosean parte hartzeko. Irakurle asko Ivan Fernandez zein ote den galdezka egongo dira orain, Gasteizko korrikalariari buruz egunotan sortu den zalapartaren berri izan ez dutenak behintzat.
Gaztea da Fernandez, baina bere garaipen zerrendan lorpen garrantzitsuak badaude; urrutira joan gabe, Estatuko lehen korrikalaria izan zen iaz Zubietan, seigarren postuan iritsi eta gero. Hala ere, horregatik ez da mundu osoan ezaguna. Hala da, bai, mundu osoan zabaldu da bere izena egun gutxiren buruan; arrazoia, Estatu Batuetako kazetari ezagun batek hari buruz hitz egin duela. Piers Morganek hiru milioi jarraitzaile ditu Twitterren, eta plataforma horren bidez ezagun egin du Fernandez.
Hain justu, Armstrong eta Fernandezen arteko alderaketa egin du kazetariak; Texaseko txirrindularia iruzurraren isla gisa aurkeztu du eta Gasteizko korrikalaria, kirolaren baloreen ikur bezala. Izan ere, Fernandezek atleta afrikar bati irabazten utzi zion duela aste gutxi. Keniako korrikalaria lehen postuan zen, baina helmugara iritsi aurretik geratu zen, lasterketa hor amaitzen zela pentsatuz. Fernandezek oraindik berrehun bat metro geratzen zitzaizkiola esan zion, eta bultzaka, helmugaraino eraman zuen, lehena izaten utziz; onartu baitzuen afrikarra azkarragoa izan zela.
Bazter guztietako kazetarien deia jaso du egunotan, elkarrizketa eske, egindako keinuagatik. Zubietan izango da igandean. Ea Fernandezen presentziak zailtasun ekonomiko handiak dituen lasterketa laguntzeko balio duen.