Aritz Sorzabal: 'Lehentasunak'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Lehentasun hitza beti izan dut gogoko, lehentasunak aukeratzeko ariketak gauza asko argitzen baititu; ez du sekula gezurrik esaten. Hain zuzen ere, lehentasunak finkatzen ditugunean agerian geratu ohi da beti zeri edo nori ematen diogun garrantzi gehien, eta hori oso baliagarria da bakoitzaren jarrera, iritzia edo estrategia ezagutzeko; politika arloan, kasu.
PSE-EEk, esaterako, argi eta garbi utzi du berriro bere lehentasuna zein den; udal gobernua egun batean bai eta bestean ere gaizki uztea, edozein argudio edo gertaera erabilita. Kasu honetan, Ondarretako kartzela zaharrean preso egon zirenen omenezko oroitarria erabili du aitzakia bezala. Hain justu, ezezagunek pinturaz erasotu zuten oroitarria duela egun gutxi eta PSE-EEk, erasoari baino, garrantzi gehiago eman dio oroitarria zikina egoteari. «Oroitarria garbi dezatela eskatu dio PSE-EEk alkateari». Horixe izan zen Ernesto Gascok buru duen alderdiaren prentsa oharraren titularra.
Astearte goizean banatu zuten agiria, Gascok berak gertaera horri buruzko adierazpenak egin eta gero. Alkateari eskutitz batean oroitarria txukuntzea eskatu ziotela berretsi zuen udaletxean egindako agerraldian, eta gero, eskaera hori garbi utzi ondoren –lehentasuna zein den agerian utzi eta gero–, orduan bai, «memoria historikoaren aurkako» erasoa salatu zuen.
Baina hau ez da dena. Oraingoan, itsu-itsuan egin du kritika PSE-EEk. Izan ere, Gascok salaketa egin zuen unean oroitarria garbi zegoen dagoeneko. Ez zegoen jada pinturaren arrastorik, Irutxuloko Hitzako argazkilariak Gascoren agerraldiaren ordu berean egindako irudia lekuko.

