
Mapak beti izan ditut gustuko. Eskuetan mapa bat dudan bakoitzean, askatasun sentimendua pizten da nire barruan, bidaia une horretan bertan hasiko balitz bezala. Horregatik ez ditut GPSak maite, abentura erraztu baino, laburtu egiten dutelako. Mapak ere oso baliabide onak dira azalpen bat modu grafikoan erakusteko, modu ulergarriago batean. Udalak horixe bera egin zuen, esaterako, asteartean, hiriko mapa elektromagnetikoa aurkeztu zuenean; Jose Mari Esparza historialari nafarrak ere bere alea jarri zuen duela zenbait aste San Telmo Museoan antolatutako erakusketan, eta Euskal Herria lurralde zaharra dela erakutsi zuen aspaldiko kartografiaren bitartez. Adibide asko daude, IRUTXULOKO HITZAn ere; Donostiako mapa erabili ohi dugu astekarian, asteko irudiak non eman diren zehazteko.
Hain zuzen ere, mapek xarma berezia dute, hurbiltasuna eragiten dute, eta ezaugarri hori balio erantsi bat da teknologia berrien garai honetan. Hori bai, erromantikotasun puntu hori baino harago, beste balore asko ditu, erreferentziazko tresna izan baitira urtetan, hamarkadetan, mendetan. Zerbaitegatik izango da. IRUTXULOKO HITZA ez da hain aspaldikoa, bederatzi urte beteko ditu 2014ko otsailean, baina badu mapetatik asko. Teknologia berriak ditu bidaide, webgune moduan, baina bidaiatzeko aukera paperak ematen du bereziki, ukitzen dena sentitu egiten delako, liburuak –ez Ebook-ak– bezala.
Le Journal du Pays Basque egunkaria izango da papereko komunikabideen artean hurrengo biktima, hilaren 21erako iragarri baitute itxiera. Donostian, bitartean, erronkari eutsiko diogu datorren urtean, momentuz, asko kostata bada ere. Kalean nahi badugu, guztien laguntza beharko dugu inoiz baino gehiago, komunikabideen mapan iraun dezan. Nola? Harpidedun egitea izan daiteke bide bat.